Jonan Erreape: "Errenterian bizi naiz, igo nintzen eszenatokia etxe aurrean dut, eta horrelaxe sentitu nintzen, etxean moduan"
Gernikarrak kontzertua eskaini zuen astelehenean [abuztuak 21] Errenteriako jaietan, auzokoen aurrean.
Nor da Jonan Erreape?
Rap munduan sartuta dagoen betiko Jonander da. 2016an hasi nintzen rapeatzen, freestylean hain zuzen ere, hau da, inprobisatzen eta hortik aurrera abestiak sortzen hasi nintzen Jonan Erreapen bilakatu arte. Egia esan txikitan ez nintzen rap entzulea, baina 2016an bi lagun izan nituen Batalla de Gallos txapelketetan parte hartzen zutenak. Bik beatbox egiten nuen haiek rapeatzen zuten bitartean, egun baten mikrofonoa hartzen ausartu nintzen eta hortik aurrera bihurtu nintzen gaur egungo artistan.
Jauzia handia izango zen?
Dena da rap-a, baina ikuspuntu edo modalitate desberdinetatik. Bilbora joaten ginen eta parkeetan elkartzen ginen freestyle egiten, txapelketa txikiak ziren eta irabazleak abesti bat grabatzeko saria eskuratzen zuen. Nik horrelako bat lortu nuen eta nire saioa grabatzeko aukera izan nuen, abestia idatzi nuen eta ez diot idazteari utzi ordutik. Adibidez, azken bi urteetan ez dut freestylik egin.
Zelakoak dira zure abestiak?
Nik egiten dut dena, musika eta letrak. Hasieran, doinuak, esate baterako, biderik errezenetatik hartzen ditut: Youtubeko freestyle libreetatik. Orain, berriz, beat maker bat dut eta nik egiten ditut baseak. Bestetik, letretarako ez daukat dinamika argirik, beste rapero batzuek eskemak dituzte letrak idazterakoan eta badakite zeren inguruan hitz egin nahi duten, nik ez. Estres momentuetan edo gustatzen zaidan base bat sortzen dudanean etortzen zaizkit nahi barik letrak. Alde horretatik, oraindik freestyle puntu hori mantentzen dudala esan daiteke. Beste batzuek bi hilabete behar dituztenean, nik ordubete inguruan idazten dut abesti bat.
“Datorren urtean disko bat kaleratu nahi dut, hamar abesti ditut idatzita eta grabatu barik”
Eta prozesu horretan zelako gaiak irteten zaizkizu?
Normalean, zelan ez, gai pertsonalak izaten dira. Izan nuen uneren bat, pandemia garaiko konfinamenduan batez ere, egoerataz gehiago hitz egiten nuela. Gaur egun, denak dira pertsonalak eta momentukoak.
Errenteriako jaietan abestu zenuen, etxean, zelan?
Oso berezia izan, ez nago ohituta horrelako jaietan eta giroetan kontzertuak ematera, bestelakoan mugitzen naiz. Etxekoetaz inguratuta egon nintzen, baita betiko lagunetaz ere. Bertan bizi naiz, auzoan, igo nintzen eszenatokia etxe aurrean dut, eta horrelaxe sentitu nintzen, etxean moduan. Ez nintzen ezta urduri jarri ere.
Zelango erantzuna jaso zenuen auzokideen artean?
Asko ez zekiten, ezagututa ere, nik rapeatzen nuela, batez ere nagusienek. Azken batean Youtube edota Instagram bezalako plataformetatik zabaltzen ditut nire abestiak. Jende asko zoriondu ninduten eta oso pozgarria izan zen, egia esan.
Eta aurrera begira, nora doa Jonan Erreape?
Hurrengo hilabeteetan apur bat geldiago egongo naiz, ez daukat denbora askorik. Hori bai, datorren urtean disko bat kaleratu nahi dut, hamar abesti ditut idatzita eta grabatu barik. Horrez gain, beste base asko ditut prest inspirazioa etortzen zaidanean letrak idazteko. Hala ere, kolaborazioak ditut oraindik ateratzeko eta beste abestiren bat grabatzeko ere. Saiakera pare bat egingo ditugu aurrera jarraitzeko.