Gautegiz Arteagako Antolin Deuna Jaiak, denen artean egindako jaiak
Zapatuan [abuztuak 26] emango diete herritarrek hasiera jaiei tortilla txapelketa tradizionalagaz.
Hain zuzen ere, zapaturako [abuztuak 26] azken orduko arazoei aurre egiteko lanean dago Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkatea. Euria dago aurreikusita eta horrek aldaketak eragiten ditu zuzenean egitarauan. Parkinean elkartzen dira kuadrillak tortillak egiteko, baina euria egitekotan frontoi azpira lekualdatuko dute sukaldatzeko tokia. Era berean, eguraldia lagun izan ez gero, frontoian egingo dute herri bazkaria. Bertan, 500 herritar inguru elkartzea aurreikusten dute. Gaueko erromerirako ere kamioi eszenatoki baten bila “zoratuta” aritu da Saitua.
Haiek dira, herritarrak, jaietako protagonista nagusiak. Alkateak nabarmendu duenez “denen artean adostutako jaiak” dira. Antolakuntza “oso ondo” joan dela aipatu du. Horretarako, bi batzar orokor antolatu dituzte herritarren proposamenak jasotzeko, besteak beste, Gazte Eguna. Hala ere, egitarauan ez dute berritasun askorik sartu, “herriko jaietan betiko ekintzen aldeko apustua egiten da, azken urteetako antzeko ekimenak sartu ditugu”. Adibidez, beste urte batez, pilota jaialdian emakumeak zein gizonak ariko dira, tartean Olatz Arrizabalaga herriko alaba kutuna.
Aurtengo berritasun nagusia irailaren 3ko Geure(R)a dantza bertikal ikuskizuna izango da Harrobia konpainiaren eskutik. Duela zenbait urte Janire Etxabek harrobian ‘Harria Herria’ filma grabatu zuen herrian eta irudiak mundu guztitik zabaldu, eta orain frontoian dantza ikuskizuna erakutsiko du.