SAREk manifestazioa egin du Gernika-Lumoko jaietan
Barikuan [abuztuak 25] 13:00etan Sarek eta Bilboko Aste Nagusiko Konpartsek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.
Euskal presoen eskubideak babestu eta aldarrikatzeko, SARE Gernika-Lumok manifestazioa egin zuen barikuan [abuztuak 18] herriko Andra Mari eta San Roke jaietan kaleak hartuz. Hasteko, eskerrak eman nahi izan dituzte bertan parte hartu zuten denei: “Jakin badakigu jaietan lanak, parrandak, lagun eta familia artekoak, aldarrikapenak… leku eta egiteko asko eskatzen dabela, eta azken txanpan gagozan/gauzen honetan eskertzekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeko deialdiak babestea”.
Azaldu dutenez eta Etxeraten datuen arabera, 156 euskal preso (horietatik 16 gaixotasun larri edo sendaezinak dituztenak, eta 7 70 urtetik gorakoak direnak), 17 iheslari eta 5 deportatu daude. Batez ere gogoan izan zituzten Eneko, Jabi eta Kepa herrikideak.
Uztailean SAREk, beste bi euskal elkartegaz batera, Genevako Nazio Batuen Erakundeko torturaren aurkako batzordean txosten bat aurkeztu zuen. Bertan, euskal presoen atalari dagokionez, aipatzen zuten “dispertsio politikaren amaiera eman bada ere, azpimarragarria da oraindik etxeratze bidean dauden oztopoak”. Esan dute bi eremutako “trabak” direla horren “lekuko argia”: “Batetik, Euskal Herrian kokatuak dauden espetxeetako zaintza batzordeek gradu progresioetan aldeko txostenak aurkezten badituzte ere, Entzutegi Nazionalak, nagusiki, atzera botatzen ditu. Bestetik, beste hainbeste egun batzuetako baimen eskaerei dagokionez. Hainbat presori ukatu egin zaie halango neurriak izatea orain arte, eskaera-irizpideak betetzen badituzte ere”.
Deialdia. Era berean, barikuan [abuztuak 25] 13:00etan Sarek eta Bilboko Aste Nagusiko Konpartsek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. Gero, bazkaria egingo dute eta esan dute Arrano Tabernan oraindik txartelak salgai daudela. “Horregatik, ohikoa den azken barikua ez dugu egingo abuztuan, Bilboko deialdi hori indartzeko. Irailean egingo dugu berriro Pasealekuko eskaileretako elkarretaratzea”.