Gernika-Lumora heldu da ‘BBK artearen ibilbidea’ erakusketa
Hogeita hamar bat margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat daude BBK Herriz Herri programak eta Arte Ederren Museoak bultzatutako erakusketa honetan; Bizkaiaren irudia erakustea du helburu.
BBK Artearen Ibilbidea Gernika-Lumora iritsi da abuztuaren 28ra arte. Arte Ederren Museoaren eta BBKren eskutik datorren programa da, eta “artearen historiako zenbait unetan Bizkaiaren irudia erakustea” du helburu. Aurretik Bermeon, Mundakan, Elantxoben edota Nabarnizen ere egon da erakusketa. Proiektua José Luis Merino Gorospek egin du, museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak.
Proiektu hau maiatzean hasi zen Bilbon eta hainbat herri zeharkatuko ditu. Gernika-Lumon Domingo Alegria plazan kokatu da, eta herritarrek astebetez gozatu ahal izango dute bertan astelehenera arte [abuztuak 28]. “Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute: landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta bertako portuak (adibidez, Plentzia edo Bermeo), hiri- eta industria-paisaiak (Bilbo, Erandio edo meatze-herriak) hainbat udalerri eta eskualdetakoak: Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea, Urdaibai…”
Erakusketan hogeita hamar bat artistak egindako 36 lan daude: 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat. Horrela, “Bizkaiari begira” programak lurraldearen “erretratu” bat egiten du adierazpen artistikoen bidez, kronologia luze batean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte.