Bermeo Urdaibai, erakustaldi baten faltan bi
Bermeotarrek Zarautzeko 46. bandera irabazteaz gain, Eusko Label Ligako lidergoa sendotu du. Busturialdeak, berriz, jaitsierako playoffa lehiatuko du.
Galiziako estropezuaren ostean, Hondarribia eta Zierbena sailkapenean hurbildu ziren bertan, asteburuan Bermeo Urdaibaik bere aurtengo martxa berreskuratu du. Non eta Zarautzen gainera, denboraldiko eremu famatuenetako eta preziatuenetako batean. Bi jardunaldiko estropada da eta bietan erakustaldia eman dute bermeotarrek.
Zapatuan [abuztuak 19] bideratuta utzi zuten bandera, baina hori ez nahiko eta domekan [abuztuak 20] altxa zuten ikurrina. Lehen jardunaldian bermeotarrek ohorezko txandan tarte handiak zabaldu zituzten hasieratik eta azkenean 18 segundo atera zituzten ustezko aurkari zuzenei. Bigarren Donostiarra izan zen, hirugarren Hondarribia 20 segundora eta laugarren txandan Zierbena 26 segundora. Banderarako zuzeneko aurkaria, berriz, bigarren txandatik atera zen: Orio 8 segundora.
Bigarren jardunaldian, aurkari zuzena ohorezko txandan egonik, hurbiletik zaindu ahal izan zuen Iker Zabalaren kuadrillak oriotarrak. Gipuzkoarrak berehala geratu ziren atzean, bandera eskuartean zuten. Baina Bermeo Urdaibaik are gehiago nahi zuen. Domekan [abuztuak 20] bigarren txandatik Zierbena izan zuten aurkari zuzen. Bigarren luzeko azken metroetan atzetik aurrerako bidea eginez lehen postua eskuratu zuten uretan, oro har, ordea, oraindik bizkaitarrak zeuden aurretik. Bermeotarrek ez zuten azken luzera arte Zierbenakoen denbora irauli. Beste erakustaldi bat. 24 puntu poltsikoratuta, sailkapen nagusirako aldea berreskuratu dute bermeotarrek. Orain 9 puntu dira Hondarribia eta Zierbenarekiko bakarrik lau jardunaldi falta direnean, tartean Bermeoko estropada irailaren 16an.
Borrokan jarraitu behar dute. KAE1 Liga amaierara heldu da eta zoritxarrez Busturialdeak ez du erabateko lasaitasuna lortu, borrokan jarraitu beharko du. Domekako [abuztuak 20] estropadan 11. izan ostean, Busturialdeak borrokan jarraitu beharko du jaitsierako playoffak jokatuz 11. geratu ostean. Behintzat azken postua sahiestu dute, Castro izango baita zuzenean jaitsiko dena. KAE2ko bigarren eta hirugarren sailkatuen aurka lehiatu beharko dute beste urte batez lehen mailan aritzeko, hau da, Portugalete eta Donostiarra B-ren kontra, hurrenez hurren.