Oso koloretsua izan da Gernika-Lumoko jaietako San Roketxu Eguna
Eguen [abuztuak 17] goizean umeak izan dira protagonistak, arratsaldean, berriz, mozorroak.
San Roke Eguna [abuztuak 16] Gernika-Lumoko jaietako egun handienetako bat da, baina San Roketxu Eguna [abuztuak 17] ez da atzean geratzen. Egutegian gorriz marraztutako egun horietako bat da. Goizean umeak izan dira zalantzarik gabe izar nagusiak, eguraldiak gainera lagun izan dute eta eguzkiak ematen duen tenperatura igoeragaz gozatua hartu dute.
Hain zuzen ere, bero horreri aurre egiteko ezin izan dute aukera hobeagorik izan: apar jaia. Herriko txikienak udaletxe aurrea aparrez bete dute eta ondo baino hobeto pasa dute aparragaz jolasten. Busti nahi ez zutenak gargantua izan dute Adolfo Urioste kalean. Ume batzuk beldurragaz gargantuaren ahotik sartu badira ere, irribarretsu atera dira, errepikatu nahian eta guzti.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Bazkalostean mozorroek eta koloreek hartu dute Gernika-Lumo. Beste urte batez, herritarrek gogotik prestatu dituzte mozorroak eta desfilean erakutsi dituzte. Guztira adin desberdinetako 23 taldek desfilatu dute Juan Kaltzada kaletik. Hurrengokoak izan dira modalitate bakoitzeko irabazleak:
- Txikia: Tantak taldea
- Familiak: Superrak eta Onekele taldeak (berdinketa egon da)
- Taldeko sari berezia: Hawaianak
- Sari berezia: Sexy girls
Desfilea amaitu bezain laster hasi da Gozategiren kontzertua Pasealekuan. Gero, Lekittoko Deabruak ariko dira udaletxetik hasita. Musika Delirium Tremens eta Soinuz Blai erromeriak jarriko dute.