Bermeoko Udalak neurriak hartu ditu Busturialdeko ur eskasiari aurre egiteko
“Funtsezkoak ez diren jardueretan uraren erabilera mugatzen edo debekatzen hasteko eskaria jaso bezain laster, Bermeoko Udaletik martxan jarri gara hornidura-arazo honi aurre egiteko” azaldu du Xabier Ortuzar alkateordeak.
Ur eskasiari aurre egiteko Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoko Batzar Nagusian jasotako informazioa kontuan izanda, Bermeoko Udalak ur kontsumoa murrizteko neurriak hartu ditu. Alde batetik, jardinak eta kaleak ureztatzeko zerbitzuak eten egingo dituzte eta eta presiozko makina garbitzailea bakarrik erabiliko dituzte garbiketa puntual eta urgenteak egiteko. Bestalde, udalak Ur Partzuergora Gernika-Lumon aurkitzen den ur ez edangarrien hartune bat erabiltzeko eskaria luzatu dio Bermeoko kaleak garbitzen jarraitu ahal izateko eta bando bat zabaldu du herritarrei igerilekuak ez betetzeko eta jardinak ez ureztatzeko eskatuz.
Udalak “ezohiko neurriak” hartu behar izan dituela esan du “eskaera asetzeko eta ibaien emari ekologikoa errespetatzeko”. Azaldu dutenez, ihesak konpontzeko lanak egiten ari direla “egunero”. Horrez gain, erabilera batzuk mugatu behar izan dituzte, “udalerriko hornidura bermatzeko mailak murrizten ez jarraitzeko”. Ondorengo neurriak hartu behar izan dituzte:
- Udal iturriak aldi baterako ixtea.
- Parkeak, lorategiak eta baratzeak ureztatzea debekatzea.
- Kaleak urarekin garbitzeko lanak behar-beharrezkoak denean baino ez egitea.
- Igerileku pribatuak ez betetzea edo aldatzea.
- Ibilgailuak eta azalera edo plaza pribatuak garbitzea debekatzea.
- Arlo pribatuko gomendioak egitea (bainatu beharrean dutxa hartzea, etxetresna elektrikoak guztiz beteta daudenean baino ez erabiltzea…)
Sasoi honetan, hain zuzen ere, ur kontsumoa handitu egiten da eskualdean, eta aldi berean, euri gutxiago egiten du beraz, “alerta egoera honetan udalari, enpresei eta herritarrei arduraz jokatzea tokatzen zaigu eta gu, udal modura, horretan gabiltza. Izan ere, Busturialdeko herrien eta Ur Partzuergoaren arteko koordinazioa handitzea eskatzen dugu, honelako egoerei aurrea hartu ahal izateko” gaineratu du Ortuzarrek. “Udala eta Ur Partzuergoa lankidetzan aritzen gara horniduraren kalitatea eta kantitatea bermatze aldera; ildo horretatik, eskertzen dugu herritarrek egunerokotasunean ura zaintzeko ohitura arduratsuak hartzea, udalerria zaintzeko denon konpromisoagaz bat eginez”.