Aritz Erkiaga eta Julen Del Rio, Gernikako Grand Slameko txapeldun
Zapatuan [abuztuak 12] Johan Sorozabal eta Unai Lekerika ordezkoak gainditu zituzten Jai Alai frontoi betean.
Final handia azken orduko ezustekoagaz hasi zen. Lehendabizi, duela zenbait aste Xabi Barandika gernika-lumotarrak belaunean egin zuen min, Johan Sorozabalek ordezkatu zuen, eta finalaren atarian Jon Bullet Zabala izan zen min hartu zuena, Pauko txapelketan eta orpazurdean, hain zuzen ere. Horregatik, azken orduan Unai Lekerikak etxeko puntistak jokatu behar izan zuen.
Erkiaga eta Del Rio faborito argiak ziren eta ez zuten hutsik egin. Ispastertarra partidako izar nagusia izan zen eta gasteiztarra sendo eta seguru aritu zen. Sorozabal gaztea jokoz kanpo hutsi nahi izan zuten eta aurrelariak ahal izan zuen guztietan arriskatu tantoa egiteko. 7-3 aurreratu ziren faboritoak, baina Lekek ez zuen amore eman eta 9-6ko markagailura arte hurbildu ziren. Erkiagak seta berak bakarrik dakin moduan itxi zuen: erremateak eginez. Azkenean, 15-9.
Bigarren setaren hasiera oso garrantzitsua zen Sorozabal eta Lekerikarentzat. Sentsazioek, berriz, ez zuten hobera egin, dominatu ezinik zeuden, 5-0 galtzen hasi ziren eta guzti, maldan gora jarri zitzaien finala. 14-6koarekin bazirudien finala amaitzear zegoela, baina azken ahalegin bat egin zuten. Jai Alai frontoia bete zuten zaleek gehiago nahi zuten, 14-10 hurbildu ziren. Akabo, erreboteko pilota bategaz amaitu zen Gernikako Grand Slama: 15-10. Erkiagarentzat bigarrena, Del Riorentzat lehendabizikoa.