Ura zentzuz erabiltzeko protokoloa aktibatu du Busturialdean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Busturialdeko hamasei udali eskatu die neurriak har ditzatela funtsezkoak ez diren erabileretan uraren kontsumoa murrizteko. Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelua, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrietako Udalei eskatu die lankidetza.
Patzuergotik nabarmendu dutenez,”azken egunotan izandako prezipitazioak gorabehera, eskualdeak ez dauka ura biltzeko azpiegiturarik; horiek horrela, nahitaezkoa da ibai, akuifero eta zundaketetan dagoen emaria zaintzea”. Horregatik eskatu diete bere jarduketa eremuan debekatu ditzatela “igerileku pribatuak bete eta horien ura berritzea, lorategiak eta baratzeak ureztatzea, ibilgailuak garbitzea eta gune pribatuak garbitzea”.
Eako Udalak, esaterako, gaur ateratako bandoan honakoa eskatu die herritarrei: “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren gomendioak jarraituz, herritarroi ur edangarriaren erabilera murrizteko eskatzera gatortzuez. Besteak beste ortuak ez ureztatzeko eta igerilekuak ez betetzeko eskatzen da”. Udalak, bere aldetik, hondartza eta mollako dutxak itxiko ditu.
Izan ere, Patzuergotik nabarmendu dute, Busturialdean, hornidura-beharrak, eskura dagoena baino handiagoak direla eta “hartune berriak aktibatzeko eta eskura dagoen baliabide guztia blindatzeko” premiazko neurriak hartu behar direla “biztanleei ur-hornidura bermatzeko, batez ere Busturialdea hornitzen duten ibaien emari ekologikoak arriskuan jarri gabe”.
Azaldu dute, Busturialdea baliabide propioei esker hornitzen dela, “betidanik egon da ibaien arro txikien mende, horregatik, sistema horiek erraz aldatzen dira luzaroan euririk egiten ez duenean”. Horrela ba, gehitu dutenez, “urte osoan zehar herritarren eskaria berme osoz estaltzen ez dutenez, ibaietako urarekiko mendekotasuna zuzentzeko asmoz, Ur Partzuergoa hainbat jarduketa-ildotan ari da lanean”.