Txosnei, merezi duten espazioa
Inoiz baino "lehenago eta indartsuago" datoz Gernikako Txosnak. Hilaren 12rako egun osoko egitaraua prestatu dute, txosnen presentzia indartzeko eta txosnagunea topagune bihurtzeko.
Ohikoa da San Roke eta Andra Mari jaietan txosnetara joatea, lagunekin horietan tragoak hartzea, kontzertuak ikustea; hau da, txosnak egotea eta horiek Pasealekuan jarrita ikustea. Hala ere, ez da betiko kontua. Gernika-Lumoko Txosna batzordeak urte luzeko borroka bati eutsita lortu zuen txosnak udalerrira ekartzea eta horiek Pasealekuan jartzea. Lan horri eta Txosna batzordeak orain arte egindako bideari balioa emateko asmoz, txosnen presentzia indartzeko eguna elkarlanean antolatu dute Txosna batzordeko eragileek abuztuaren 12rako.
1995az geroztik, urtez urte lanean aritu dira Txosna batzordeko kideak, pandemiako bi urteetan (2020, 2021) salbu. 26 urteko ibilbidea dute, eta gogoratu dute “borroka gogorra” izan zutela txosnak Gernika-Lumora ekartzeko. “Herri guztietan zeiden txosnak, baina Gernikan ez. Ezin genituen txosnak jarri, udalak ez zigun txosnak jartzen uzten, eta herriko eragile ezberdinetako kideak batu eta mugimendu bat sortu genuen horiek aldarrikatzeko. Mugimendu horren lehen borroka txosnak jartzekoa izan zen”, azaldu du Pernan Basterretxea Txosna batzordeko orduko eta gaur egungo kideak.
Dioenez, udal araudian arau berri bat jarri gura zuten, herritarrek ere udalerriko jaiak antolatzen parte hartzekoa. ”Dena antolatzen zuen udalak, ez zegoen jai batzorderik, eta jaiak antolatzen parte hartu gura genuen», aitortu du Basterretxeak.
Hala ere, txosnak jartzeko ezetza jaso zuten, baina horri kasurik egin barik, txosnak jarri zituzten, Andra Mari elizaren ondoko plazan lehenengo. “Ertzainak sartu ziren, eta jaiak eta gero, alde errepresiboa etorri zen. Isun bat jarri ziguten, isilpeko zigorra. Hala ere, aurre egin genion, eta araudian aldaketa egin ostean, txosnak jartzeko eskubidea geneukanez, eta ez genuen isuna ordaindu behar izan”, azaldu du. Hala, behin txosnak jarri ahal izatea lortuta, bigarren aldarriari eutsi zioten: txosnak Pasealekura eroateari. Hori lortu aurretik, baina, beste bi lekutan jarri zituzten txosnak.
Jai Alai frontoiaren atzeko parkean jarri zituzten lehenengoz, legezko lehenengoak: “Gero, handik bota eta Lurgorriko skate parkera eroan gintuzten. Baina txosnak Pasealekuan gura genituen, eta apostu handia egin genuen musika talde ezagunak bertara eroateko, eta balio izan zuen. Izan ere, herritarrak zein kanpoko bizilagunak txosnetara joan ziren, eta erdigunea hutsik geratu zen. Ondorioz, tabernek ere txosnak Pasealekuan jartzea eskatu zuten, eta jarri ziren azkenean”. Hain zuzen ere, 1996an jarri ziren lehenengoz Pasealekuan.
Egun osoko egitaraua
Lorpen horri “merezi duen balioa” emateko asmoz, egun osoko egitaraua prestatu dute Txosna batzordeko kideek abuztuaren 12rako, eta herritarrei egun horretako ekimenetan parte hartzeko deia egin diete: “Erronka bat izan da txosnak indartzeko eguna antolatzea, eta jendea animatzen dugu bertaratzera”.
Jaiak bizirik mantentzeko asmoz eta herritik herriarentzako pentsatutako jai eredu inklusiboei bultzada emateko helburuz, eragile ezberdinetako kideek elkarlanean prestatu dute txosnen presentzia indartzeko eguna. Hala, aurten, gaueko giroa alaitzeaz gain, egun osoko ekintzak egongo dira egun horretan. “Ohituta gaude Gernikako gazteek txosnekin duten hartu emana gauekoa bakarrik izatera. Baina gazteria horri alternatiba bat zabaldu gura diogu, harremantzeko eta batzeko beste aukera bat eskaini”, azaldu dute Txosna batzordeko kideek.
Diotenez, egun bat txosnei eskaintzeko saiakera batzuk egin izan dira azken urteetan, txosnak gaueko jai girotik ateratzeko, eta oraingoan ere, beste giro bat bultzatuko dute: eragile ezberdinetako jendea batzekoa, egotekoa, elkarrekin jolastekoa… Txosnak indartu bai, baina elkargune bat topatu gura dute: “Gazteak beste testuinguru batean elkartzea da asmoa. Kuadrillak elkartzea”. Hala, “denentzako erosoa izango den gune bat” sortuko dute.
Aurten, gainera, txosnek bigarren gune bat izango dute zenbait momentutan: Pasealekua eta Seber Altube Auditorioa. Abuztuaren 12an, Pasealekuan bazkalduko dute izena ematen dutenek, eta ostean, bingo musikatuaz zein kuadrillen arteko olinpiadez gozatzeko aukera izango dute bertan; 4-8 pertsonako taldeetan banatu beharko dira parte hartzaileak. Ostean, baina, Seber Altube Auditorioan jarriko dituzte Djak, eta festa giroa auditoriora eroango dute.
Kale animazioa ere egongo da aurten txosnetan, San Roketxu egunean; kontzertuak ere lehenago hasiko dira. “Hori apropos prestatu dugu. Jende askok uste du txosnak gaueko kontua direla, baina ikusarazi gura dugu txosnak irekiak direla, aniztasunaren aldekoak”, diote batzordekoek. Aniztasunarekiko apustua egingo dute.
Guzti hori “elkarlanean” egin dutela azpimarratu dute, aurten inoiz baino eragile gehiago daudelako Txosna batzordean: “Inoiz baino gehiago gaude eta eragileetako jendea prest dago antolatzeko. Konpromisoa badago, eta horrek eragin du pauso hori ematea”.
Jaiekiko konpromisoa
Txosnen aldeko eguna eraso gabeko gunea izango dela diote, “gune erosoa denentzat”, eta euren esku dagoen guztia egingo dute hori bermatzeko: “Aniztasun gunea izateak ez du esan nahi zapalkuntzak onartuko ditugunik, inondik inora”.
Jaiekiko konpromisoa dute, eta horiek bultzatzeko ekintzak antolatzeaz gain, diru ekarpena ere egiten dutela zabaldu gura izan dute batzordekoek: 12.000 euroko ekarpena egiten diote jaietarako diru sailari. “Batzordeak ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten du. Ekarpen hori kenduz gero, diru oso gutxi geratuko litzateke jaiak antolatzeko, eta are pobreagoak izango lirateke”.
Izan ere, azpimarratu dute udalak “diru oso gutxi” jartzen duela musika taldeak ekartzeko –iazko aurrekontu bera dute–, eta horrek, txosnetan ere eragiten duela gehitu dute. “Horrek ere eragina du txosnetan. Guk ahalegina egiten dugu, eta jaiak guk gura ditugun modukoak izateko ekarpena egiten dugu, baina oso mugatuta gaude udalaren aldetik. Kotzertuak ez badira, ordutegia da, eta bestela, beste zeozer”, adierazi dute, eta erabakitzeko ahalmena eskatu dute: “Eman guri ahalmena”.
Eurek ere jai “indartsuak” gura dituzte, txosnetatik lortzen duten dirua udalerriko eragile ezberdinen artean banatzen dutelako gero, eta horien urteko diru sarrera garrantzitsuena delako diru hori: “Pasealekuan egoten diren eragile batzuen urteko diru sarrera garrantzitsuena da txosnetakoa, bakarra ez esatearren. Elkarteen urte osoko jarduerentzako dirua da”. Beste zati bat batzorderako gordetzen dutela esan dute, “hurrengo urteko jaiei ekarpena egin ahal izateko”.
Hala, herritarrei bertaratzeko deia egin diete batzordeko kideek: “Etorri txosnez gozatzera”.
Egitaraua
15:00. Bazkaria Pasealekuan.
Ostean. Bingo Musikatua Pasealekuan.
17:30. Kuadrilla arteko olinpiadak Pasealekuan.
19:30. Seber Altube Auditorioan DJ Unzu eta Gorkita.
22:00. Kontzertuak Pasealekuan: Kaleko Urdangak, Ultra Sect eta The Beltones .
San Roketxu egunez mozorrotzeko deia egin dute Txosna Batzordekoek, eta aurten, lehenengoz, gaia jarri dute: marrazki bizidunak. “Txosnetan zuen marrazki bizidun gustukoenataz mozorrotuta ikusi nahi zaituztegu”. Mozorrotzen direnetzat zerbait berezia prestatuko dutela aurreratu dute.