"Taldeak modu aktiboan parte hartuko du herriko jaietan"
Gernika Rugby Taldeagaz batera, aurten Lehentasunezko Mailara igotako Gernika Sporting izango da Andra Mari eta San Roke jaietako pregoilaria. Taldeko hiru kapitainek elkarbanatuko dute egiteko hori.
Gernika Sporting futbol taldeko kideek 42 urteko kirol ibilbidean lortutakoak eta, bereziki, 2022/2023 denboraldian eskuratutako Lehentasunezko Mailara igoera ospatuko dituzte Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke Jaietan. Gernika Rugby Taldeagaz batera, jaietako pregoia botako dute taldeko hiru kapitainek: Mikel Jaio Zabala eta Iñaki Moriones Madariaga gernika-lumotarrek eta Unai Aranaz Urzaa nabarniztarrak.
Jaietan pregoia botatzeko proposamena “duela urte pare batetik” datorrela azaldu dute kapitainek eta taldeko lehendakari Roman Atxirika Gordo gernika-lumotarrak: “Lehen proposamenak ez zuen aurrera egin, baina aurtengo kirol lorpenek ate hori berriro zabaldu diote Gernika Sportingi”. Izan ere, taldeak, 42 urteko ibilbidean, ez du aurtengo moduko balentriarik sekula egin. “Denboraldi gorabeheratsua izan da: oro har, maila paregabean ikusi dugu geure burua, baina, beste zenbaitetan, estu eta larri ibili gara; sufritzen jakin dugu eta pregoia botatzeko aukera, zelan edo halan, esfortzu horren aitorpena edo ordainsaria ere bada”.
“Fidagarritasun handiko zenbait jokalari” fitxatu dituzte aurtengo denboraldirako, baina, Morionesek adierazi duenez, “talde legez” jokatu beharra sentitu dute: “Jokalariei dagokienez, lantalde sendoa osatu genuen denboraldirako, baina kargutu ginen hori bakarrik ez zela nahikoa. Talde bezala funtzionatzen ikasi dugu, play-offen lehiari eutsi ahal izateko”. Emaitzez gain, taldeak jarraipen mailan edukitako hauspotzea ere ahotan dute kapitainek: “Atxirikak lehendakaritzaren ardura hartu zuenean, duela bost urte, klubak 25 fitxako talde bakarra zeukan; egun, zazpi talde eta 160 fitxa inguru ditu Gernika Sportingek. Kirol arloan, maila igoeragaz lortutakoa izugarria den arren, jarraipen eta handitze horrek balio are handiagoa daukala uste dugu”.
Roman Atxirika Gordo: “Urte hauetan guztietan taldeari babesa eman dieten denentzako mezua izango da”
“Gutxi gorabehera” baldin bada ere, kapitainek badakite pregoiko mezua nortzuei zuzenduta egongo den: “Urte hauetan guztietan taldeari babesa eman dieten denentzako mezua izango da. Batetik, lortu dugunagatik sentitzen dugun harrotasuna lau haizetara zabaldu gura dugu; bestetik, zaleak nahiz taldean lanean ibilitakoak merezi duten neurrian eskertu nahi ditugu. Horrez gain, taldeko ateak edonorentzako zabalik egongo direla ere argi utziko dugu”.
Artengo lorpenak tarteko, taldekideek uste dute herrian “kohesio sozial handiagoa” lortu dutela. Hori “oso pozgarria” dela dio Atxirikak: “Beti presente egon izan garen arren, Gernika-Lumoko eta eskualdeko kirol mapan merezi dugun tokia hartu dugula ikusten dugu. Esaterako, duela hiru urte, apur bat arraroa zen jendea Gernika Sportingeko elastikoagaz ikustea, eta orain edonor topatu dezakegu kaletik, taldeko arropa soinean duela. Gernika-lumotarrek babes handia ematen diote taldeari, etxekotzat dute, eta pregoian, zelan ez, emandako konfiantza hori dena bueltatzea bilatuko dugu”.
Mikel Jaio Zabala: “Besteren artean, San Roke eguneko kuadrillen arteko sukalkia eta Bezperada eguneko talde bazkaria pila bat gustatzen zaizkigu”
Bai kapitainen, bai presidentearen arabera, jaiak egutegian “gorriz markatuta” dituzte urtero-urtero. Edozelan ere, jaiez gozatzeko modua “apur bat aldatu” dute, denboraren poderioz: “Lehen gau girora baino ez ginen mugatzen; Pasealekuko kontzertuen eta txosnagunearen zaleak ginen. Horiek oraindik ere atsegin ditugu, baina baita egunez egiten diren beste hainbat eta hainbat egitasmo ere. Besteren artean, San Roke eguneko kuadrillen arteko sukalkia eta Bezperada eguneko talde bazkaria pila bat gustatzen zaizkigu; urte osoan zehar egun horiei oso gogotsu itxaroten egoten gara, adibidez, zenbait lagun aspaldiko partez ikusteko. Era berean, jaietako egitarauan bada hurretik jarraitzen duten beste ekimen bat: goitibehera jaitsiera. “Boluntario asko eskatzen ditu, herritarrek parte hartzen dute, eta ikusteko oso polita izaten da”.
Abuztuaren 12an eta 17an, txosnagunean beharrean ariko dira taldeko partaideak
Aurten, beste behin, “modu aktiboan” parte hartuko dute jaietako egitarauan. 2019. urtean sartu ziren Jai Batzordera; horren barruan, hala Txosna Batzordeko, nola Musika Lantaldeko kide da Gernika Sporting. Aurten, abuztuaren 12an, jaien atarian egingo den ospakizunetan, txosnagune osoko ardura beraiena izango da; gainera, hilaren 17an, San Roketxu egunez, ere txosnetan arituko dira, jaietako beste eragileekin batera.
Herriko talde “mitiko” bat. Gernika Sporting ibilbide luzeko futbol taldea den arren, ez da bakarra herrian; pregoia botako duen beste taldeak, Gernika Rugby Taldeak, bere 50. urtemuga bete du aurten. Herri mailan, Gernika RT talde ia-ia “mitikoa” dela diote: “Gernika-Lumon, instituzio bat da. Jarraipen handia du, eta polita izango da pregoia botatzeko ardura elkarbanatzea. Berez, ez dugu oso hurreko hartu-emanik beraiekin; talde biok Urbietan entrenatzen dugu, baina bakoitzak bere zelaian eta bere antolaketa eredugaz. Dena dela, kirol talde bi pregoilari izatea oso ederra izango da”.