Egitarau beteagaz datoz aurtengo Natxituko jaiak
Lau eguneko egitarau oparoa atondu dute aurtengo Natxituko jaiak ospatzeko. Marmitako txapelketagaz emango diote jaiei hasiera astelehenean. Gu ta gitarraken txanda izango da gero. Iluntzean, Gurutzeganetik egingo dute jaitsiera eta ikurrinaren igoera, eta azkenik, dantza eta kanten txanda izango da Eingo erromeria taldeagaz amaituz.
Martitzenean, bolandera eta txistulariek esnatuko dute eguna eta nagusiak omentzeko goiza izango dute, nagusientzako hamaiketakoarekin. Bertsoak ere ez dira faltako, Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarragaren kantu eta letrek alaituko baitute Lapatzako Igoera hasi bitarteko denbora. Txokolateaz gozotuko dute arratsaldea eta DJ Bullen musikagaz alaitu gaua, kulero eta kantzontzilo lasterketagaz eguna amaituta.
Eguaztenean, ostera, txistulariek jarriko dituzte martxan herritarrak goizean goiz, herriko taldeen desafioa izango da eguerdiostean, eta 14:30ean, Gurutzeganera igoera. Behin izerdiak botata, herri bazkaria egingo dute bolatokian eta Kittu Erromeriak jarriko dio soinu-banda arratsaldeari.
Abuztuaren 20an, domekan, Natxitukue Ibilbidea burutuko dute. Ibilbide luzea 20 km izango dira eta goizeko 08:30ean aterako da, laburra aldiz, 15km eta 09:00etan irtengo da. Jada Natxituko bolatokian dago apuntatzeko aukera, eguerdietan 12:30etik eta 13:30era eta arratsaldez 19:00etatik eta 20:00etara bitartean. “Zure inskribapenarekin batera, aurtengo ediziorako egin dugun kamiseta jaso ahal izango duzu. Hasiera batean neurri guztietakoak daude, baina izen-ematea burutzen den martxan bananduko direnez, dauden neurriekin konformatu beharko gara. Ez itxaron azken ordura arte”, azaldu dute antolatzaileek.
Abuztuak 14, astelehena
- 11:30ean, IV Marmitako txapelketa
- Ondoren, Gu ta gitarrak
- 20:00etan Gurutzeganetik jaitsiera eta ikurrinaren igoera
- Gero, plaza dantzak eta Natxituko kanta
- 22:30etatik aurrera Eingo Erromeria
Abuztuak 15, martitzena
- 10:00etan Bolanderak eta Txistulariekin kalejira
- 11:00etan Meza Nagusia
- 12:00etan Nagusientzako hamaiketakoa
- Bitartean, Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak
- 13:00etan Lapatzako Igoera (Julen Beaskoetxea memoriala)
- Ondoren, txokolatea
- 23:00etan DJ Bull
- Goizaldean kulero eta kantzontzilo lasterketa gurutzeganera
Abuztuak 16, eguaztena
- 10:00etan txistulariak
- 12:00etan meza nagusia
- 12:30ean herriko taldeen arteko desafioa
- 14:30ean Gurutzeganera igoera
- 15:00etan Herri bazkaria bolatokian
- 18:30ean Kittu Erromeria
Abuztuak 20, domeka
- Natxitukue mendi martxa