San Lorentzo eguna txupinazoagaz eta lagunarteko mendi martxagaz hasi dute

Jaietako txupinagaz batera, 250 mendizale abiatu dira XIII. Lagunarteko Mendi Martxan, bakoitzak aukeratutako ibilbide luzea zein laburra egitera. Martxa luzea aukeratu dutenek 16 kilometro egin dituzte eta laburra hautatu dutenek aldiz, 10km. Horrela hasi da, urtero legez, San Lorentzo eguna Gernika-Lumoko Lurgorri auzoan. Antolatzaileak “oso pozik” daude “jende gazte asko” joan delako martxara: “kantera behar dugu”.
Aurten, gainera, Lurgorriko jai batzordeko kideek erreleboa lortu dute eta aldaketak iragarri dituzte. Zenbait hitzordu eta ekintza mantenduko dituzte, baina, “aurtengo desberdintasun handiena eguneko ekintzekin apostua” egin dutela da. Gainera, herri bazkari jendetsua espero dute gaur, izan ere, 120 bat pertsonek eman dute izena. Hori bai, aldaketa batekin dator gaurko bazkaria, aurreko urteetan kanpotik ekarri izan duten jatekoa aurten herritarrek prestatu dute. Arratsaldean, urtero bezala, nagusientzako herri kirol erakustaldia egongo aurten ere. Berrikuntza bezala, haurrek ere parte hartu ahal izango dute. Bertsolarien hitzordua ezinbestekoa dela iritzita, aurten ordua aurreratu dute, publiko zabalenari saioa egokitzeko asmotan. Zihara Enbeita ariko da gai jartzailea eta Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Ibai Amillategi bertsotan.
Horrez gain, Gernikako jaietako protokoloaren baitan, Lurgorriko jaietan ere eraso matxisten aurkako protokoloa martxan egongo da jaietako bi egunetan. “Txosnako barrara jo, 24h martxan egongo den zenbakira deitu edo pasilekuko eskailera ondoan, janari txosnaren parean egongo den protokoloko gunera etorteko aukera egongo da. Lurgorriko jaietan ere, edozein eraso jasan edo ikusiz gero, barrara hurbildu edo telefonora deitu”, azaldu dute.
San Lorentzotxu eguna, bihar, urtero egiten den tortilla txapelketagaz hasiko da, eta gilda txapelketa ere egongo da. Hainbat ekintza tarteko, arratsaldeari gazta jolasagaz ekingo diote. Aurtengoan “zerbait desberdina” egin nahi izan dute, eta, horregatik, zurezko jolasak ekarriko dituzte, arratsaldea alaitzeko, Luhartz erromeriak alatuko du eta gauean Zopilotes Txirriaos eta Kai Nakairen txanda izango da.





























