Nazioarteko dantzek eta koloreek beteko dute Bermeoko Folklore jaialdia
Zapatuan, abuztuak 12, XXXV. Folklore jaialdia, ospatuko dute Bermeon. Nazioartetik etorritakoen zein etxekoen musika eta dantzaz gozatzeko aukera egongo da Artza Frontoian, 21:00etan hasita. Hain zuzen, Alkartasuna Dantza Taldeko, Logroñoko Grupo de Danzas Aires de La Rioja, Mexikoko Ballet Folklórico Toyolotk Maseua eta Panamako Academia de Danzas Folklóricas Francisco de León dantza taldeetako dantzariak arituko dira aurten taulagainean.
1986 urtetik aurrera, Bermeon urtero ospatzen da Nazioarteko Folklore Jaialdia, Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta eta Bermeoko Udalaren babesarekin. Urte hartatik, Alkartasuna Dantza Taldeak beste leku eta kultura batzuetako hainbat talde jaso ditu herrian. Grupo Etnográfico das Mariñas (Ferrol, Galiza) eta Esbart Dansaire Sant Marcal (Cerdenyola, Catalunya) taldeak izan ziren eta ondoren beste hainbat herrialdetako kideak etorri dira: Portugal, Frantzia, Turkia, Italia, Belgika, Serbia, Mexiko, Argentina… Alkartasuna Dantza Taldekoen arabera “ikusleen artean arrakasta handia” izaten du jaialdiak.
Jaialdiaren helburuak dira “beste herrialde batzuetako kultura eta ohiturak ezagutu eta gozatzea, hemengo kultura eta folklorea beste herrialde batzuetara zabaltzea eta dantza eta musikaren bitartez beste herrialdeetako jendea ezagutu eta haiekin harreman estuak sortu ahal izatea”.