Planetaren etorkizun hobea helburu duen 'Escape Room-a' Mundakan
BBK-k eta Mundakako Udalak antolatuta GIHen (Garapen Iraunkorreko Helburuak) Escape Room-a egingo da Mundakako Talan, gaur eta bihar.
Garapen Iraunkorreko Helburuak adin guztietako pertsonek modu dibertigarrian ezagutzea da xedea, horrela ba, familiak eta gazteek “Iraunkortasunaren aldeko Scout” rola hartu ahal izango dute eta intsigniak lortu beharko dituzte elkarlanean egindako hainbat erronkaren bidez, “planetarentzat etorkizun hobea lortze aldera”. Gainera, parte-hartzaileek “masterrak” izango dituzte laguntzaile, informazio guztia emango dietenak eta ekintzan zehar, behar izanez gero, pistak emanaz laguntzen arituko direnak.
Doako jarduera dela azaldu dute eta publiko guztientzat sortutakoa. Ordubete inguruko ekimenak gaian murgitzeko aukera emango die joaten direnei. Gaur, 17:00etatik 21:00etara egongo da ekintzan parte hartzeko aukera, eta bihar, 16:00etatik 21:00etara.