Beroari aurre egin behar izan diote San Roman auzoko jaien azken egunean
Mezarekin hasi dute eguna Muxikako San Roman auzoan, jaien hirugarren eta azken eguna ospatzeko. Zelaia estalgarriekin bete-bete eginda dena prest zeukaten bero uholdeari aurre egiteko. Baso Txoritxu Dantza Taldeak ikuskizun ederra eman du gero. Txistulariaren doinuekin dantzariak zelai erdian aritu dira ezpata, makila, arku eta zintei helduta, bertara iritsi direnen goiza gozarazteko prest.
Arratsaldea XLVI. San Roman txirrindulari lasterketarekin hasi dute San Romanen, eta ondoren, etxeko txikienentzako tartea heldu da umeentzako jolasak antolatu baitituzte. Lasterketako sariak banatu eta gero, “bertoko produktuaren otzararen zozketa” egingo dute. Eztarriak berotuta etorriko dira gero Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Ibai Amillaltegi iluntzeko bertso saioa beraien doinu eta letrek alaituko baitute. Azkenik, Argi eta Joseba trikitilariegaz erromeriak itxiko du 3 egunetarako atondu duten egitaraua.