Asteburuko bi banderak Urdaibairentzat
Hondarribian eta Lekeition onena izan da Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea Eusko Label Ligako 11 eta 12. jardunaldiak irabazita.
Joerak berretsi egin ditu asteburuak, Hondarribian eta Lekeition onena izan da Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea. Urdaibai bigarrenarekiko tartea handitzen doa, sei punturen aldea du Hondarribiarekin; Bou Bizkaiak 123 puntu dauzka orain eta Ama Guadalupekoak 117.
Liderrak ziren eta izaten jarraitzen dute bermeotarrek. Erakustaldia emanda, Hondarribiako bandera irabazi zuen zapatuan. Itsaso zakarrarekin eta euripean, Bou Bizkaia nagusi izan zen ohorezko txandan. Lehen ziabogan denbora onena eginda, aldeak handitzen joan zen estropadan zehar. Hirugarren ziabogatik helmugara aurkariak hurbilago izanik, gehiago sufritu bazuten ere, bandera lortu zuten azkenerako. Domekan ere, nagusitasunez gailendu ziren bermeotarrak Lekeitioko uretan eta El Correo Ikurriña irabazi. Donostiarra 16 segundora geratu zen, bigarren txandatik, Zierbena hirugrren 19ra eta Hondarribia laugarren, 24ra.
Lekittarra, zapatuan egindako estropadarekin konforme geratu ez, eta etxean, erakustaldia eman zuen domekan, lehen txanda irabazi eta seigarren postua eskuratuagaz. Ondarroaren, Samertolameuren eta Santurtziren aurretik aise irabazi zuen Isuntzak. Itsasoko Amak, bestalde, Samertolameuko galiziarrak bakarrik ditu atzetik, 3 puntura, eta aurretik Ondarroa dauka, 16 puntuko aldearekin.
Arriskuak gora. Zapatuan, lehenengo txandan epaileak Santurtzi kanporatu zuen. Epaileak irteera eman baino lehen abiatu zen Sotera eta hiru segundoko zigorra jaso zuen. Ondoren, Kaiku eta Santurtzi lehia bizian ari zirenean, laugarren kalean, Kaikurenean, sartuta metro batzuk egin zituen Santurtzik, arraunekin elkarren aurka jotzen ari ziren, arraunlari batzuk gelditu behar izateraino, eta bi ontziak tupust egiteko zorian ere izan ziren. Epaileak zenbait abisu eman ostean, azkenean bandera berdea ikusi zuen Soterak eta lehiatik kanpo gelditu ziren.