Urtero legez, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea eskatzeko hondartzak aldarriz beteko ditu Etxeratek
Laidatxu, Laga, Laida eta Eako frontoira erongo dute aldarrikapena, zapatuan, abuztuak 5ean.
Beste urte batez, Etxerat elkarteak deituta, hondartzatan mobilizazioa egingo da. Laidatxu, Laga, Laida eta Eako frontoira erongo dute aldarrikapena, zapatuan, abuztuak 5ean, “senideek oraindik bizi duten egoeraz ohartarazteko eta 151 preso, 17 iheslari eta 5 deportatu politiko etxera itzuli behar dutela adierazteko”.
Nabarmendu dute euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direla oraindik Estatu espainiarrarentzat, “bereziki, Auzitegi Nazionala eta fiskaltzaren aldetik”. Horren adibide bezala jarri dituzte Ainhoa Barbarinek aste honetan jasandako gradu erregresioa, edota Xabier Atristrain eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari den “jazarpena”. “Justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik”, salatu dute.
Jarrera hauek ez dutela betetzen “espetxe-politika humanistaren legezko helburua” azpimarratu dute, eta beraz, “gizagabetzat” jo behar direla. “Batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute euskal preso eta iheslariak, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak”. “Aplikatu legeria arrunta”, exijitu dute.
Bat egin dute espetxe-administrazioaren ezaugarriak finkatu nahian EAEko Arartekoak esandakoarekin; honek gomendioa egin du pertsona presoen duintasun-printzipioak, espetxe-aldia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea balore gisa hartzeko. “Dei egiten die erakundei, modu koordinatuan lan egiten jarrai dezaten, ingurune irekiko zigorrak eta neurriak indartzeko, birgizarteratze-sarean aurrera egiteko eta espetxean dauden pertsonen eta haien senideen, biktimen eta gizarte osoaren eskubideak errespetatzeko”.
Azkenik, datozen asteetan Sarek deituta burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatu die Etxerat Elkarteak herritarrei.
Hitzorduak:
- Ea: 13:00etan Frontoian
- Ibarrangelu: 12:00etan Lagan eta 12:00etan Laidan (Kanpinaren aurrean)
- Mundaka: 13:00etan Laidatxun