Euri zaparradei aurre eginez, kirol ekintzekin hasi dituzte Sukarrietako jaiak
Txupinarekin hasi dituzte Sukarrietako jaiak goizeko 09:30ean. Euri zaparradari aurre egin eta jai gunea auzolanean eraiki dute jaien antolaketaz arduratzen ari diren gazteek. Horren atzetik, kirola izan da gaurko protagonista, krosari eman diote hasiera Sukarrietako ibilbide osasuntsutik. Hainbat kategoria egon dira, txikienetik hasi eta nagusienera arte. 0-2 urte bitartekoak izan dira lehenengoak eta 20 bat metro egin dituzte lasterka inguruko guztien animoak jasoaz. Adinak aurrera egin ahala parkeari eman beharreko buelta kantitateak ere gora egin du, nagusien txanda iritsi arte. Hauek, Axpe auzora egin dute itzulia. Denek ala denek, zeukaten guztia eman dute arineketan. Eguerdian, umore rally-az gozatzeko aukera izan dute parkean. “Abuztuaren 4a itsas festari eskainiko zaio batez ere (estropadak, igeriketa…) eta tortilladarekin amaituko da”.
Zapatuan, abuztuaren 5ean, umeentzako jolasak eta mus txapelketa egingo dituzte eguedian. Parkean egingo den zumba ikastaroak girotuko du arratsaldea, hurrena. Arratsaldeko 18:00etan, kuadrillen jaitsiera egingo dute, “mozorroen desfilea” eta ondorengo sari banaketa. Gauerdian, ikusmina sortzen duen urteroko Miss eta Misterraren hautaketarekin amaituko dira jaiak, momentura arte “ezingo da jakin” aukeratua nor den. “Bizitza guztian egin izan da hautaketa, eta herriko pertsona ezagunak edo herriarentzako gauza onak egin dituzten pertsonak omentzen ditugu”, adierazi dute.
Parkean berriro. Gaur eta bihar ospatuko dituzte jaiak “Sukarrietako Jaiak parkean berriro” lemapean. Izan ere, “obrak direla eta, azken zortzi urteetan ezin izan dira parkean ospatu eta aurten izango da berriz ere parkean egingo diren lehen urtea, jaiak lehen bezala ospatu ahal izango ditugun urtea”, adierazi dute antolatzaileek. Aurten, berritasun legez, “inoz bainao ekintza gehiago” eskainiko dituzte antolatzaileek egunean zehar: umeentzako jolasak, dantza ikastaroak…