Badatoz Edurtzetako Amaren jaiak Busturiko Paresi auzora
200 urte bete ditu aurten Paresi auzoko Apraiz familiaren Behekoetxe baserriak. Hango oinordekoak diren 60 bat pertsona bilduko dira bihar, abuztuak 5ean, baserrian bertan, "200. urteurrenak merezi duen ospakizuna egiteko".
Jai giroa ez da faltako abuztuan, Edurtzetako Amaren jaiak izaten dira hilabeteko lehenengotarikoak. Bi egunetako egitarauagaz eta urteroko zitari hutsik egin barik datoz jaiak Busturiko Paresi auzora. Ospakizun egun ugari egongo dira jai giroagaz gozatu nahi dutenentzat.
Bihar, abuztuaren 5an, jaiei hasiera 11:00etan emango zaie, eta horrekin batera sukalkirako eman beharko da izena. Meza nagusiaren ondoren, Busturiko Irrintzi Alai dantza taldeak eskainiko du ikuskizuna. Kantu Kantari aritu ostean sukalkia aurkezteko momentua izango da, eta epaimahaiak bere lanak egin ondoren, sari banaketari ekingo zaio. Arratsaldean, asto probak egongo dira. Frunizko Harkaitz Ormaetxea, Mendatatik etorritako Imanol Erleaga, Errigoititik Tokaios eta Mallabiatik etorritako Juan Luis Irazola arituko dira lehian. Gauean, “erromeria alaia” eskainiko du Eingo taldeak.
Domekan, abuztuak 6an, hildakoen aldeko mezagaz hasiko dute eguna Paresi auzoan. Ondoren, trikitilariak egongo dira. Idi proben txanda izango da arratsaldeko 18:30ean, Muruetako Kamiñoko Jatetxeak, Erandioko Joseba Bikarregik eta Arrietako Iturbe Anaiek parte hartuko dute. Sari banaketaren ostean, “otzara eder baten zozketa” egingo dute, eta azkenik, Obieta aita-semeen erromeria behin bukatuta, txokolatadak emango die amaiera Busturiko Paresi auzoko Edurtzetako Amaren jaiei.
Abuztuak 5, zapatua
- 11:00etan jaiei hasiera eta sukalkirako izen ematea
- 12:00etan meza nagusia
- Ondoren, Irrintzi Alai dantza taldearen saioa
- Ostean, Kantu Kantari
- 14:00etan sukalkiaren aurkezpena eta sari banaketak
- 18:30ean asto probak
- Jarraian, erromeria Eingo taldeagaz
Abuztuak 6, domeka
- 12:00etan hildakoen aldeko meza
- Ondoren, trikitilariak
- 18:30ean, idi probak
- Ondoren, sari banaketa eta otzararen zozketa
- Obieta aita-semeegaz erromeria
- Txokolatada
Urteurren berezia. 200 urte bete ditu aurten Paresi auzoko Apraiz familiaren Behekoetxe baserriak. Apraiz abizenaren oinordekoak diren 60 bat pertsona bilduko dira bihar, abuztuak 5ean, baserrian bertan. “200. urteurrenak merezi duen ospakizuna egiteko” batuko direla adierazi digu Juanjo Apraiz familiako kideak. Argi utzi du Apraizek: “Jaitxo bat egiteko batuko gara, beti bezala, jatekoa eta edatekoa ez da faltako ospakizunean”. Gainera “oso berezia” izango da momentua, izan ere, Argentinara joandako familiako kideen oinordekoekin elkartuko dira Behekoetxen, “13 argentinar etorri dira Amerikara lanera joandako nire birraitonaren ondorengoak direnak, eta beren beregi ospakizun honetara datoz”.