Urdaibai Erronkaren bidez ia 45 tona CO2 gutxiago isuri dira biosfera erreserban
Urdaibaiko Ekoetxeak martxoan abiatu zuen erronka biosferaren erreserban CO2 emisioak murrizteko, eta ekimenean parte hartu duten 191 pertsonei esker “Urdaibai Erronkak 1.581 konpromiso baino gehiago lortu ditu”.
“Urdaibaiko herritarrek 1.591 keinu egin dituzte klima aldaketaren aurka, eta horrela, beren ohiturak aldatu dituzte larrialdi klimatikoaren ondorioei aurre egiteko” azaldu dute Ekoetxeatik. Nabarmendu dute 44,98 tona CO2 gutxiago isuri direla, parte hartzaile bakoitzak bere gain hartutako 8,32 keinuei edo konpromisoei esker.
Mugikorrerako aplikazio baten bidez egin den ekimen honen xedea herritarren eguneroko bizitzako ohitura jakin batzuetan eragitea izan da, hauen aldaketa bultzatzeko. Ekintza desberdinak proposatu zaizkie herritarrei, hala nola, modu arduratsuan erostea tokiko eta sasoiko produktuak kontsumituz, igogailua erabili beharrean eskailerak erabiltzea, lehorgailua ez erabiltzea edo ontzi garbigailua beteta dagoenean bakarrik martxan jartzea.
“Aplikazio horrek, gainera, Erreserbari berari eta klima aldaketaren aurkako borrokari eta haren ondorioei buruzko prestakuntza ibilbideak eskaintzen zituen”. Batez beste, 11,87 prestakuntza pilula kontsumitu ditu erabiltzaile bakoitzak, eta prestakuntza txiki bakoitzaren amaieran, eskuratutako ikaskuntzei buruzko galdera ariketen %83 “behar bezala” ebatzi ziren.
Antolatzaileen esanetan, “herritarrek zeregin erabakigarria daukate klima aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko. Kontzientziazioa, berez, ez da nahikoa, eta funtsezkoa da jakitea zelan jokatu larrialdi klimatikoaren aurrean”. Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Urdaibaiko Ekoetxeak eta herritarrak gonbidatu ditu CO2 emisio gehiago murrizteko erronkekin bat egitera, horretarako antolatuko diren esperientzien bidez.