Gernika Memoriaren Lekuko: "Behetik gorako memoria herritarra erdigunean jartzea ezinbestekoa da, gure ustez"
Espainiako Gobernuak Gernika-Lumoko herri osoa memoria-leku izendatzeko duen asmoaren berri jaso ostean, Gernika Memoriaren Lekuko elkarlanerako espazioak zenbait gairi erreparatu die.
Espainiako Gobernuak Gernika-Lumoko herri osoa memoria-leku izendatzeko duen asmoaren berri jaso ostean, Gernika Memoriaren Lekuko elkarlanerako espazioak zenbait gairi erreparatu die.
Azpimarratu dute, eztabaida ematen den “markoa argitzea garrantzitsua” dela. Uste dute, Gernika-Lumo memoria leku eta lekuko izatearen zentzu integrala, Euskal Herriko markoan kokatu behar dela. “Gure memoria legea eraikitzeko eskumena ukatzen zaigun honetan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketak iltzaturik utzi zigun herri honi bere askatasuna eta bakea eraikitzeko eskubidea dagokiola, eta 86 urte geroago oraindik ezeztatzen zaiola”.
Gogorarazi dute “talde memorialistek, memoria elkarteek etab-ek egin izan duten urteetako lanari esker” dagoela afera hau gaurko eztabaida sozial, politiko, kultural eta instituzionalen agendan. Hala ere, zenbait galdera planteatu dituzte: “Memoria leku izendatzeak azalpen-euskarriak jartzea dakar soilik? Ze memoria politika garatuko da bere bidez? Zein eredu parte-hartzaile sustatuko da? Zein eredu jarraituko du izendatzeak? EAEn, bederen, memoria demokratikoaren legedia eratzeko pizgarri gisa baliatuko da?”.
Gernika-Lumoko Udalari ere galdegin diote zein memoria programa garatuko den erabaki honen bidez. Baita zein parte-hartze eta erabakitzeko espazio bultzatuko diren, edota “herriko memoria elkarteek hitza eta erabakitze mekanismorik” izango duten galdetu ere.
Nabarmendu dute baduela balioa izendapenak, Gernikako Batzar Etxea ez ezik, herri eremu osoa izendatzeak. “Batzar Etxeak apirilean helegitea aurkeztu zuen, eta lan hori egitea beharrezkoa da. Hortik aurrera, behetik gorako memoria herritarra erdigunean jartzea ezinbestekoa da, gure ustez”. Hala, herritarrek eta instituzio publikoek “norabide horretan” lan egin beharko luketela iritzi diote.