Gernika-Lumoko jaietan gababusa jarri dute Busturialdeko zenbait herritara
Ajangiz, Ea, Ereño, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Muxika eta Sukarrieta (Kanalako alderako) izango dira gababus zerbitzua izango duten herriak.
Gababusa jarriko dute aurten Gernika-Lumoko Jaietan Busturialdeko zenbait herritara, 14tik 15erako gauean eta 17tik 18rako gauean.
Ajangiz, Ea, Ereño, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Muxika eta Sukarrieta (Kanalako alderako) izango dira gababus zerbitzua izango duten herriak. “Trena heltzen ez den herrietarako eta parte hartu duten udaletako herrietarako egongo da zerbitzua”, adierazi dute Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkartetik.
Bezperada eta San Roketxu, egun bietan, gernikako autobus geltokitik irtengo dira autobusak, goizaldeko 02:00etan eta 05:00etan. Astelehenera bitarte egongo da tiketak erosteko aukera udaletan bertan eta 5 euro balio ditu bidaiak.
Proiektu pilotua.Udalen ekimenez jarri da martxan eta kudeaketa Urremendi Elkartearen bidez egiten ari dira. Urremenditik adierazi dute udalak lehendik ere eskatzen ibili diren ekimena dela eta “proiektu piloto modura” egingo dela aurten, nolako harrera duen ikusteko.
Momentuz, Gernika-Lumoko jaietarako bakarrik dago planteamendua egina, “ondo irtenez gero, ikusi beharko litzateke nora zabaldu daitekeen eta zelan burutu, kontratazio publikoko legearekin ez baita hain erraza horrelako ekimen bat aurrera ateratzea”.