Urteroko zitari hutsik egin barik, Summer Market udako azoka antolatu dute Gernika-Lumon, abuztuak 4, 5 eta 7an.
“Nik Gernikan, ez galdu aukera eta erosi herrian” lemapean antolatutako udako azokan, 40-50 bat dendek parte hartuko dute euren produktu eta eskaintzak kalera aterata. “Ocho de Enero, Barrenkale Barrena, Barrenkale, Santa Maria eta Artekale inguruan kontzentratzen da dena” adierazi dute Merkatari Elkarteko ordezkariek. Gainera, herritarrak erakartzeko asmoz aparteko beherapenak ere iragarri dituzte, “Pablo Picasso kalean, Industria kalean eta San Juan Ibarran kokatuta dauden tabernek ere parte hartuko dute prezio bereziak eskainiz euren jan edo edatekoetan”.
Horrez gain, bariku eta zapatu goizean trikitixa doinuek alaituko dute udako merkatua eta bariku arratsaldean, 18:00etan, etxeko txikientzat ere dibertimendua eskaintze aldera, apar jaia antolatu dute herriko merkatariek San Juan Ibarra plazan.