Flysch beltza eta amonite fosilak ezagutzeko ibilbide gidatua Bedaronan
Bedaronako Jai Batzordeak antolatuta, Jon Zamalloa Kortagaz Bedaronako itsasertzetik ibilbide gidatua egingo dute bihar, abuztuaren 3an. “Kostaldearen ederra ezagutu eta zapaltzen dugun lurraren pean daukaguna balorean jartzeko” helburuagaz antolatu dute ekimena.
Zamalloak “edonor” animatu nahi du joatera “ibilbide erraza” izango dela nabarmenduta. “Aurrekoan, ekimen bera egin genuenean, ume zein nagusiak etorri ziren eta ez genuen inolako arazorik izan, nahi duen oro etorri daiteke”. Hori bai, lurra labankor egongo denez, mendiko botak eramateko gomendioa egin du.
“Aberastasun geologiko handiko tokia” dela dela dio gida lanak egingo dituen Zamalloak, flysch beltza eta amonite fosilak ezagutzeko aukera izango dute zonalde hau ikertzera animatzen direnek. Horregatik, balorean jarri nahi izan du Bedaronako ingurua: “Flysch esaten dugunean, normalean, Zumaia edo Uribe Kosta etortzen zaizkigu burura meteoritoaren talka egon zeneko arrastoak daudelako, baina flysch gehiago ere badago gure kostaldean eta horren adibide bat izango litzateke Bedaronan daukaguna, aberastasun ikaragarria daukagu hemen ere”.
Ibilbidea Idegorriazpen hasiko da, 12:00etan, eta haitzetan zehar ibiliko dira ekimenean parte hartzen dutenak. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da ibilbidea eta bi ordu inguru iraungo dituela azaldu du Zamalloak. Ez dago aurretiaz izena eman beharrik eta pertsona kopurua ez dago mugatuta. 5 euroko balioa izango du ibilbide gidatuak (umeentzako doan).