Domekan Bermeon gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar
Domekan Bermeon gertatutako eraso matxista dela eta, Bermeoko Udalak herritarrei dei egin die, bihar, abuztuaren 3an, 19:00etan Lamerako harrizko bankuan mugimendu feministak antolatu duen elkarretaratzera joan daitezen, “eraso matxista arbuiatzera”.
Aurreko asteetako erasoen ondoren egin legez, Udaletik “gaitzespenik sutsuena” adierazi dute, “argi adierazi nahi dugu ekintza hauek onartezinak direla, eta ez dutela lekurik gure herrian”. Berretsi dute “pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak direla”, gaineratuz kontziente direla egoeraren larritasunaz eta dei egin die herritarrei, beste behin, bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko: “Indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta gizarte osoaren babesa jaso dezaten”.
Erasoen aurrean.
Uztailaren 19an, Bermeon izandako erasoak salatzeko batu ziren Bermeoko Mugimendu Feministako kideak, eta Bermeoko Udalak bat egin zuen protestagaz. Feministek argi esan zuten “erasoek ez dutela ez adinik, ez gizarte mailarik, ez kolorerik, ez eta esparru konkreturik ere. Azken datuak ikusita, gure herrian arazo larria dugula agerikoa da. Arazo larria, oso larria daukagu Bermeon”. Bermeon “ezinbestekoak” direla nabarmendu zuten “genero ikuspegia, ikuspegi intersekzionala eta giza eskubideen ikuspegia”. Era berean, erakundeen ardura ere “ezinbestekoa” dela berretsi zuten: “Beharrezkoa da erakundeek bizkortasunez eta eraginkortasunez jardutea”.
Nadia Nemeh alkateak elkarretaratzean jakitera eman zuenez: “Udaletik argi eta garbi esan gura dugu, ez dugula horrelako ez inolako erasorik onartzen. Zorionez azken hilabetean salatutako erasotzaileak identifikatuta daude, eta epaileen eskuetan daude”. Alkateak gogorarazi gura izan zuen udaltzainek eta gizarte langileek 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutela. Hartara, zerbitzu horiek erabiltzeko deia egin du: “Ezer entzun edo ikusiz gero, lasaitasun osoz zerbitzu horrek erabili mesedez. Denon artean hau gelditzea lortuko dogu!”.