Dena prest San Romaneko jaietarako Muxikan
Badatoz San Romaneko jaiak Muxikara, hiru egunetarako egitaraua atondu dute San Roman Jai Batzordekoek. Abuztuaren 4, 5 eta 9an ospatuko dituzte jaiak, barikuan, zapatuan eta eguaztenean, hain zuzen ere, adin eta gustu guztietarako ekintzekin.
Txupinak emango die jaiei hasiera barikuan, 18:00etan. Honen ondoren, aurten, lehenengo aldiz I. San Romaneko Kronoigoera antolatu dute. 19:00etan hasiko da txirrindularien proba eta bi kategoria egongo dira: umeak, 16 urtera artekoak, eta nagusiak. Ohar bat azpimarratu dute antolatzaileek, “ez da bizikleta elektrikorik onartuko”. Sari banaketaren ostean, pintxo-poteaz gozatzeko aukera egongo da musikaz girotuta.
Abuztuaren 5ean, zapatuan, tortilla txapelketa izango da eguerdirako zita. Izen-ematea 12:00etan egin beharko da eta tortillen aurkezpena, aldiz, 14:30ean. Bazkaria amaituta, muslarien txanda izango da eta jarraian hasiko dira etxeko txikientzako jolasak, umeen jolasak. Hirugarren irrintzi lehiaketa egingo dute, ondoren, eta arratsaldeko ekintzak amaituta, tortila, irrintzi eta mus txapelketako sari-banaketari emango diote bide. Gaua, ostera, musikak alaituko du: Gauargi, XSakara eta DJ Monet B2B Juanma Gonzalez arituko dira taula gainean.
Azkenik, eguaztenean, meza nagusiarekin hasiko dute jaien azken eguna. Ostean, Baso Txoritxu Dantza Taldeak ikuskizuna eskainiko du eta arratsaldean, txirrindulari lasterketa, umeentzako jolasak eta bertso saioa izango dituzte, besteak beste. Azken honetan, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Ibai Amillategi arituko dira abesten. Eguna amaitzeko Argi eta Joseba trikitilariek girotuko dute gaua.