Bueltan dira Sukarrietako Jaiak parkean, zortzi urteren ondoren
Abuztuaren 4an eta 5ean ospatuko dituzte jaiak “Sukarrietako Jaiak parkean berriro” lemapean. Izan ere, “obrak direla eta, azken zortzi urteetan ezin izan dira parkean ospatu eta aurten izango da berriz ere parkean egingo diren lehen urtea, jaiak lehen bezala ospatu ahal izango ditugun urtea”, adierazi dute antolatzaileek. Aurten, berritasun legez, “inoz bainao ekintza gehiago” eskainiko dituzte antolatzaileek egunean zehar: umeentzako jolasak, dantza ikastaroak…
Txupinarekin hasiko dituzte jaiak abuztuaren 4ko 09:30ean. Horren atzetik, krosari emango diote hasiera Sukarrietako ibilbide osasuntsutik, eta eguerdian, umore rally-az gozatzeko aukera egongo da parkean. “Abuztuaren 4a itsas festari eskainiko zaio batez ere (estropadak, igeriketa…) eta tortilladarekin amaituko da”.
Zapatuan, abuztuaren 5ean, umeentzako jolasak eta mus txapelketa egingo dituzte eguedian. Parkean egingo den zumba ikastaroak girotuko du arratsaldea, hurrena. Arratsaldeko 18:00etan, kuadrillen jaitsiera egingo dute, “mozorroen desfilea” eta ondorengo sari banaketa. Gauerdian, ikusmina sortzen duen urteroko Miss eta Misterraren hautaketarekin amaituko dira jaiak, momentura arte “ezingo da jakin” aukeratua nor den. “Bizitza guztian egin izan da hautaketa, eta herriko pertsona ezagunak edo herriarentzako gauza onak egin dituzten pertsonak omentzen ditugu”, adierazi dute.