San Inazio jaiak giro ederrean ospatuta geratu dira Busturialdean
San Inazio Jaien biharamuna dute Busturialdeko zenbait herritan, Foruan eta Bedaronan, esaterako.
Forua
Herriko jai nagusiak izanik, Foruan, lau egunetako egitarau oparoa izan dute barikutik astelehenera, uztailaren 28tik 31ra, hain zuzen. Adin tarte bakoitzari zuzenduta antolatu dute egun bakoitza, Mikel Magunazelaia alkateak dioenez. Barikuan udalekuen amaiera aprobetxatuta, umeentzako beren beregi atondutako egitarauarekin hasi ziren jaiak, txupin txikia edota apar jaiarekin, esaterako. Urteroko Paella Txapelketa ere izan zuten zapatuan. Aurtengo berezitasuna izan da, epaileek irabazlea erabaki artean, herri kirolez gozatzeko aukera izan zutela puntuaketen zain zeuden herritarrek. Domekan, aldiz, KamiƱoko Jatetxean, Foruko adineko herritarrak omendu zituzten.
San Inazio egunean, dianagaz jaiari ekin ostean, Erregelak dantzatu zituzten Urdaibai Dantza Taldeko kideek; arratsaldez, ostera, Poloniako Bychlewinka taldekoekin batera, gozatzeko ikuskizuna eskaini zuten dantzariek. Jantzi tradizional koloretsu, kantu indartsu eta dantza ikusgarriak eskaini zituzten Poloniatik etorritako dantzariek. Antolatzaileek “hau txapeldunei soilik ematen diegun zerbait da” esanaz txapel bat eman zieten poloniarrei oroigarri eta eskertza legez, eta txalo zaparrada beroarekin agurtu zituzten dantzariak herritarrek.
Bedarona
Bedaronan, bi egunetan zehar ospatu dituzte jaiak giro paregabean. Hemen ere, adin tarte guztietako eskakizunak izan dituzte gogoan. Etxeko txikienenentzako jolasekin hasi, urteroko mus txapelketari tokia egin eta Irai taldearen zein Jaikide DJaren musikagaz zapatua osatuaz. Musika ikusikizun bien artean, Trabesti Showa ere eduki zuten Yogurinha Borova, Albina Stardust eta Divina Comediarekin.
San Inazio egunez, ostera, umeen pilota partidak izan zituzten frontoian eta honen ostean, igelaren jolasa, “ea nork ahoratu igelari fitxa”. Magiliklown antzerkiak, magia eta pailazoak uztartzen dituen ikuskizunak behin arratsaldea girotuta, bolo txapelketaren txanda iritsi zitzaien herritarrei. Azkenik Mexikotik zuzenean etorritako mariatxien “saio paregabeak” borobildu zuen jaien azken eguna.