Bermeoko udako liburutegia martxan da bigarren urtez
Zabalik dago Burujabetasun zelaian kokatutako Bermeoko udako liburutegia. Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, udako egunak -beste jarduera batzuen artean- irakurtzeko ere erabiltzera animatu gura dute adin guztietako jendea, hondartza edo zelaia irakurtzeko toki paregabeak direla iritzita. Abuztuaren 26ra arte egongo da bisitatzeko aukera.
Aurreko urtean, lehen aldiz jarri zuten martxan ekimena, eta izan zuen harrera ona ikusita, errepikatu egin du egitasmoa Bermeoko Udalak. Aurten gainera, berrikuntzekin dator ekimena, lau urtetik gorako umeentzako tailerrak egongo dira:
- Abuztuak 4: Arte sortzailea
- Abuztuak 11: Eskulan dibertigarriak
- Abuztuak 18: Birzikla-tailerra
- Abuztuak 25: Ipuinetako pertsonaiak
Bertan dagoen materiala edozein bermeotarrek eskuratu dezake. Izan ere, liburutegiko bazkide ez denak ere, hala gura izanez gero, bertan bazkide egiteko aukera dauka. Zerbitzua erabiltzeko baldintza bakarra beharrezko paperak bete eta liburutegira eramatea izango da. Adin guztietarako materiala egongo da eskuragarri, esan bezala, ekimena adin guztietara zuzentzea baita xedea. Goizez 12:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta arratsaldez, 16:30etik 18:30era.