Zestaren katedrala goraino beteta finalerdien atarian
Aaron eta Lopez kanporatuta, Erkiaga eta Del Rio Gernikako Grand Slameko finalerdietarako sailkatu dira.
Egun erabakigarria zuten zapatukoa (uztailak 29) Aritz Erkiagak eta Julen Del Riok Gernikako Grand Slameko finalerdietara sailkatu gura bazuten. Aurreko egunean Paueko lehen Masterra irabazi ondoren, jokatu zuten norgehiagoka aurrekari bizkaitar eta atzelari arabarrak Olharan eta Lekerikaren kontra. Azken hauek, aurreko partidako bi bikoteak legez -Johan eta Zabala eta Goikoetxea eta Manzi-, sailkatuta zeuden finalerdietarako, eta beraz, beharrezkoa zuten irabaztea Erkiagak eta Del Riok.
Lau egunetan laugarren partida zuen Ispasterko aurrelariak eta bosgarrena gasteiztarrak. Zestaren katedrala goraino beteta eta partida erabakigarri eta zaila zuten aurretik, txapela irabazteko hautagai nagusien aurka.
Arabarrak astean zehar jokatutako partiden ondoriozko neke fisikoa nabarmen zuen, baina Erkiagaren laguntzarekin aurrera egitea lortu zuen bikoteak. Ispasterrekoak beste erakustaldi ezinhobe bat eman zuen zapatuan ere, partidaren gidaritza hartuta.
Olharanek eta Lekerikak lehen seta irabazi zuten arren, 15-13, bigarrenean Erkiaga bikain aritu zen eta balantza urdinen aldera jarri (12-15), berdinketa hautsi eta partida erabakita utziz (2-5). Hala ere, porrota gorabehera, Olharan eta Lekerikak multzoko lehen postuan sailkatzea lortu dute (5 puntugaz), Erkiaga eta Del Riok bigarrenean (4 puntugaz) eta Aaron-Lopez bikoteak hirugarrenean (3 puntugaz).
Jaialdiko lehen partidan, Iñaki Osa Goikoetxea eta Mikel Manzisidor gipuzkoarrek bi set behar izan zituzten gairaipen erosoa lortzeko (8-15, 12-15). Johan Sorozabalen emanaldia oso gustukoa izan zen Gernikan berriz ere, partida bikaina jokatu baitzuen. Zabalak, ostera, behar baino huts gehiago egin zituen eta emaitza honekin, Goikoetxea eta Manzi lehen postuan sailkatu ziren (8 puntugaz) eta Johan eta Zabala bigarrenean (4 puntugaz).
Hurrengo zapatuan (abuztuak 5) jokatiko dira finalerdiak, Olharan eta Lekerika bikotea Johan eta Zabalaren aurka, eta Erkiaga eta Del Rio Goikoetxea eta Manziren kontra.
Baraindikaren lesioa
Xabi Barandikaren lesioa tarteko, Johan Sorozabal biarriztarrak hartu du gernikarraren lekua. Iparraldeko frontoietan Kevin Ithurria zuberotarrak arituko da Baraindikari zegozkion partidetan. Gernikako aurrelaria momentu oso onean aurkitzen zen, baina belaunean min hartu du eta erresonantziaren zain dago lesioaren larritasuna ezagutzeko. Eguaztenean, bigarren erresonantziaren ostean, baieztatuko da eskuineko belauneko lotailu gurutzatua hautsia duen. Hala izanez gero, ebakuntza bat eta 6-9 hilabete geldirik egotea lituzke aurretik.