Marga Mendietak irabazi du 'Neure bizitzako margolana' arte erakusketako zozketa
Rosa Mari Gabantxo artistaren Neure bizitzako margolana izeneko margolan erakusketako zozketa Marga Mendietak irabazi du. “Ezin sinetsita” hartu du berria Medietak, artistak azaldu duenez. Mundakako Tribisarrospe kultur etxean egon ikusgai egile bermeotarrak bere bizitzaren laburpena artelanetan biltzeko erabili duen erakusketa.
46 pieza inguruk osatutako obra hilaren 30era arte egon da ikusgai eta joan diren guztiek izan dute zozketan parte hartzeko aukera orri zuri batean gustokoen izan duen pieza zein izan den adierazita. Gainera, beraien “iritziak, ekarpenak edota hausnarketak” bertan idazteko ere eskaera egin die joan direnei Gabantxok. “Oso pozik” dago bermeotarra erakusketak izandako harrerarekin: “Jendeak azaldu dit pieza bakoitzak zer eragiten dion, hori hunkigarria da, eta orokorrean asko gustatu zaie erakusketa, gauza on denak esan dizkidate”.
Adin guztietako jendea hurbildu da erakusketara eta “garrantzitsua” izan da artistarentzat jendearen iritzia entzutea, “asko gustatu zait jendearen inplikazioa ikustea, batez ere uda izanda, eta haurrak ere etorri dira familiarekin gustatu zaizkien lanak aukeratzera”, azaldu du.
Bere bizitzan zehar ikasi dituen teknika denak egon dira erakusgai, bakoitzeko adibide bat, gutxienez. Besteak beste, arkatzagaz, akrilikoekin, mihise gainean, akuarela zein urmargo likido estilora edota olio erara egindakoek osatu dute Gabantxoren erakusketa.
Aurrera begira
Izan duen harrera ikusita, Sukarrietara eramango du erakusketa hurrengo, eta lekua txikia den arren, bere lana egokituko du espaziora. Izan ere, Gabantxok erakusketa eskualdeko beste herri batzuetara zabaltzea du gogoan.