Gernikako Udaleko osoko bilkuran EH Bilduk "erantzukizuna eta elkar ulertzea" eskatu ditu
Lau batzorde informatzaileen eraketa eta konposizioa onartu da Gernikako Udaleko osoko bilkuran, Herritarrak Batzordea, Lurraldea Batzordea, Antolaketa eta Barne Araubidea Batzordea eta Kontuen Batzorde Berezia. Bilkurara eramandako porposamenean batzorde bakoitza 5 zinegotzik osatzea proposatu da, Gutziontzako Herriak 2 kide izatea, EH Bilduk beste horrenbeste eta EAJk, berriz 1 arau proportzionalaren arabera. Halabain, EAJ-tik eskatu dute “boto haztatuaren sistema aplikatzea proportzionaltasuna bermatzeko”. Beraz, Guztiontzako Herria eta EAJren baiezkoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, onartuta geratu da batzorde informatzaileen eraketa eta konposizioaren proposamena, boto haztatuaren sistema aplikatzearen konpromisioagaz.
Momentu horretan, puntu horretako bozka zehaztearekin batera, EH Bilduk gogorarazi du hauteskunde egunetik 2 hilabete igaro direla eta hilabete eta erdi ekaineko konstituzio plenotik. Nabarmendu dute denbora guzti honetan ez dutela aurrerapausurik ikusi udalean eta “benetan arduratuta” daudela. “Azken asteetan argi ikusi dugu ez dagoela adostasunik EAJ eta Guztiontzako Herriak adierazi bezala. Ez dakigu akordioak zertan datzan, eta horrek, berresten du ez daukala sakontasunik”. Gehitu dute ezin ulertuen ondorioz, osatu gabeko gobernu batera heldu direla, “behin-behinekotasun” batera, eta beraz, “erantzukizuna eta elkar ulertzea” eskatu dute.
Gogoratu beharra dago eguenean [uztailak 27] Gernika-Lumoko EAJk berretsi egin zuela udalerriko alkatea izendatzeko Guztiontzako Herria plataformagaz lortutako gobernatzeko akordioa, “egonkortasunaren eta elkarlanaren aldeko” apustua dela esanez eta alkateari eskatuz, adostu zuten modura, “alkate kargua ahalik eta azkarren” uzteko. Hain zuzen, behin-behineko langileen postuak sortu eta lansariak finkatzeko puntua eztabaidatzeko momentuan, Xabier Irazabal jeltzaleak hitza hartu eta azpimarratu du konfiantzazko postuak direla eta “alkate berriak ekarri behar” dituela “bere konfiantzazko pertsonak”. Jose Mari Gorroño egungo alkateak “errespetua eta zintzotasuna” eskatu ditu, esanaz “akordioak exekutatu eta bete” egiten direla “guztiz itxita daudenean”.
Euskara eskakizuna
EH Bildu eta EAJ udal taldeek nabarmendu dute udaleko lan postu guztietan euskararen oinarrizko jakintza maila ziurtatzeko eskaizuna zehaztu behar dela behin behineko langileen postuen puntuan. EH Bildutik gogoratu dute ez dira kontuan hartzen udaleko teknikariek egindako kontratazio irizpideak, “gure hizkuntzak pairatzen dituen jazarpen guztiak jakitun izanda, udaletik euskararen erabilera bultzatu eta zaindu behar dugu, ereduak izan behar gara”. EAJ-tik berretsi egin dute abertzaleek esana, gaineratuz aurreko legegintzaldian ez dela bermatu euskararen oinarrizko mailaren eskakizuna.