Etenik barik, abuztua jai giroagaz
Jaiak nonahi egongo dira abuztuan eskualdeotako herri zein auzoetan. Abuztuaren 5ean abiatu eta etenik ez da egongo hilaren amaierara arte; jai giroa ziurtatuta egongo da.
Jai giroa ez da faltako abuztuan, izan ere, nonahi ospatuko dituzte jaiak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herri eta auzoetan. Edurtzetako Amaren eta Aingeru Goardako jaiekin hasi eta Emeterio eta Zeledonio jaiekin amaitu arte, ospakizun egun ugari egongo dira jai giroagaz gozatu nahi dutenentzat. San Roman, San Lorentzo, Santa Klara, Itsasoko Ama Birjina, Andra Mari, San Roke, San Jazinto, San Bartolome eta San Juan Burumoztua jaiak bata bestearen atzetik datoz.
Ziortza-Bolibarko Iruzubietan datorren astean abiatuko dira jaiak: abuztuaren 4an, 5ean eta 6an ospatuko dituzte Edurtzetako Amaren jaiak. Lehen egunean, txupinagaz emango diote hasiera jaiei, eta urteroko hitzordu bilakatu den briska txapelketa jokatuko da. Abuztuaren 5ean, egun handia izango da. Goizeko mezaren ostean, poteo herrikoia egingo dute, eta arratsaldean gustu guztietarako lehiak egongo dira: Mus txapelketa eta Hiru txirlo lehiaketa. Ondoren, Markina-Xemeingo erraldoien kalejiragaz gozatzeko aukera izango dute, eta gauean, berriz, bertso afaria egongo da; Beñat Ugartetxea eta Etxahun Lekuerekin. Abuztuaren 6an, goizean, Zerutxu dantza taldeak emango du ikuskizuna eta arratsaldean zaldi probak egingo dira. Ondoren familiak, seme, alaba eta ilobak parrillada handi bategaz agurtuko dituzte jaiak.
Nahieran
Hiru eguneko jaiak antolatu dituzte Muxikako San Roman auzoan. Abuztuaren 4an hasiko dira San Roman jaietan urtero izan ohi dira txapelketak protagonista; tortilla, mus eta irrintzi lehiaketekin. Aurten, lehia bat gehiago izango dute. Txupinazoa botata, aurtengo berrikuntzari helduko diote: San Romaneko lehenengo kronoigoera. Zapatuan ere lehiaketek ez dute etenik izango, eta gauean, musikari bide emango idote: Gauargi, Xsakara, DJ Monet, B2B eta Juanma Gonzalez oholtzaratuko dira. Abuztuaren 9an, berriz, Baso Txoritxu dantza taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da eta, arratsaldean, San Roman txirrindulari lasterketa lehiatuko dute. Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Ibai Amillategi bertsolarien saioagaz gozatzeko aukera ere egongo da, eta azkenik, erromeriagaz borobilduko dute eguna.
Abuztuaren 10ean, San Lorentzo jaiak eskualdekotako hainbat herritan ospatuko dituzte; Berriatuko Asterrika auzoan, Aulestiko Zubero auzoan eta Gernika-Lumoko Lurgorrin.
Aulestin ohiko formulagaz ospatuko dute San Lorentzo eguna: tradizioa oinarri hartuta. Hasteko, meza eta, jarraian, txapel jaurtiketa. Irabazleak 40 euro irabaziko ditu, bigarrenak 30 euro eta hirugarrenak 20 euro. Lehiaketagaz ere emango diote jarraipena arratsaldean, 37. Mus Txapelketagaz eta 30. Briska Txapelketagaz. Sari handiak daude, gainera. Umeek jolasak eta txokolatea izango dituzte eta denak elkartuko dira, txiki zein nagusi. Ondoren, erromeria egongo da dantza egiteko.
Berriatuko Asterrika auzoan, berriz, kirola eta musika nabarmenduko dira. Ikurrinaren igoeraren eta aurreskuaren ondoren, Zerutxu Dantza Taldearen ikuskizuna eta herri kirol erakustaldia egongo dira. Arratsaldean, berriz, umeek izango dute herri kirolak egiteko unea. Egunari amaiera emateko, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdiren bertso saioa eta DJ Elepuntoren emanaldia egongo dira.
Beroketa
Lurgorriko San Lorentzo jaiak Gernika-Lumoko San Roke jaietarako beroketa izan ohi da askorentzat. Auzoko Jai Batzordearen ekimenez, bi eguneko egitaraua antolatu dute. Jaien hasiera San Lorentzo Egunean emango badute ere, hurrengo egunean ere zeregina egongo da Lurgorrin.
Abuztuaren 10ean goizean goiz jaurtiko dute txupinazoa, mendi martxari ekiteko. Ondoren, Elai Alai taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo dute eta, eguerdian, herri bazkarian bat egingo dute auzotarrek. Arratsaldean, berriz, adin eta gustu guztientzako eskaintza egongo da: mus txapelketa, pernil jolasa, aparra, salsa mugikorra eta bertsolariak. San Lorentzotxu Eguna ere luze ospatzeko aukera izango dute. Goizean galdu ezinezko hitzordua izango dute; tortilla txapelketa. Gauean, berriz, Musika Gauari ekingo diote : Kai Nakai, Los Zopilotes Txirriaus, Luhartz eta DJ Elepunto egongo dira.
Andra Mari jaiak ere ospatuko dituzte eskualdeetako hainbat udalerritan, Ondarroan, Gernika-Lumon, Eako Natxitu auzoan, Ziortza-Bolibarren edota Muxikako Ibarruri auzoan.
Ostean, San Bartolome jaiak hasiko dituzte hainbat auzotan; Busturiko San Bartolome auzoan, Eako Bedarona auzoan eta Gernika-Lumoko Errenteria auzoan.
Egitaraua
- Abuztuak 5. Edurtzetako Amaren jaiak, Busturiko Paresi auzoan.
- Abuztuak 4, 5 eta 9. San Roman jaiak, Muxikako San Roman auzoan.
- Abuztuak 10. San Lorentzo , Muxikako Maume auzoan.
- Abuztuak 12. Itsasoko Ama Birginaren jaiak, Busturiko Altamira auzoan.
- Abuztuak 10 eta 11. San Lorentzo jaiak, Gernika-Lumoko Lurgorri auzoan.
- Abuztuak 14tik 18ra. Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak.
- Abuztuak 15. Andra Mari jaiak, Eako Natxitua auzoan.
- Abuztuak 15. Andra Mari jaiak, Muxikako Ibarruri auzoan.
- Abuztuak 23. Jaia, Muxikako Astei auzoan.
- Abuztuak 24. San Bartolome jaiak, Busturiko San Bartolome auzoan.
- Abuztuak 23, 24, 26 eta 27. San Bartolome jaiak, Gernika-Lumoko Errenteria auzoan.
- Abuztuak 24. San Bartolome eguna, Eako Bedarona auzoan.