Urdaibaiko aztarnategietara bisita gidatu bereziak eskaintzen ari dira hilabeteotan
Urdaibaiko Ibilbide Arkeologikoak eskaintzen ari dira uda honetan ere, eta programazioaren barruan hainbat bisita gidatu berezi daude.
Arkeologoagaz eta indusketaren zuzendari Juan Jose Cepedagaz gidatutako bisita egingo dute zapatuan (uztailak 29), Arrolara, 09:00etan oinez Arratzutik irtenda. Eta datorren astean, berriz, Tribisburun izango da Cepeda. Abuztuaren 6an (domeka) izango da. Halaber, abuztuak 18an Natura bisita eskainiko dute Amador Prieto biologoagaz, Tribisburun.
Bestalde, keinu hizkuntzako interprete bategaz Foruko erromatar herrixka bisitatzeko aukera egongo da domekan (uztailak 30), eta abuztuaren 13an, berriz, Foruko erromatar herrixkaren indusketaren zuzendari den Ana Martinez Salcedo arkeologoak gidatuko du bisita.
Datorren astean Arrolara beste bisita berezi bat eskainiko dute. Bertako toponimia eta euskarari buruzko bisita izango da, Labayru Fundazioagaz eta Adolfo Arejita euskaltzainagaz, abuztuaren 5ean (zapatua) 09:00etan oinez Arratzutik irtenda.
Ereñozarrera ere bertako indusketaren zuzendariagaz, Mikel Neira arkeologogaz, bisita antolatu dute abuztuaren 20rako.
Erreserba. Bisitetara joan ahal izateko, 688 85 66 89 telefonora deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita aurretiaz izena eman behar da. Bisita bereziei zein arruntei buruzko informazioa www.bizkaikoa.bizkaia.eus atarian dago.