Summer Market azokak Goiko Plaza beteko du
Bermeoko Udalak lehenengoz antolatu duen Summer Market azokak tokiko 30 saltoki bilduko ditu bihar eta etzi.
Udalerriko komertzioa eta ostalaritza sustatzeko eta bultzatzeko helburuz, Bermeoko Udalak Bermeo Summer Market ekimena antolatu du lehenengo aldiz. Hala, bihar [uztailak 28] eta etzi [uztailak 29], 30 saltoki bilduko ditu azokak Goiko Plazan. Bihar, 12:00etatik 21:00etara egongo dira, eta etzi, berriz, 11:00etatik 20:00etara.
Udaletik azaldu dutenez, komertzio parte hartzaile guztiek produktu berezi bat eskainiko dute “deskontu berezi bategaz”. Horietako batzuk Goiko Plazan bertan egongo dira, beste batzuk, berriz, euren saltokietan jarraituko dute, izan ere, eskaintzen duten produktuak direla eta, ezin baitira Goiko Plazara lekualdatu. Hala eta guztiz ere, parte hartzaile guztiek kartel bat izango dute erakusleihoan. “Hortaz, Goiko Plazako merkatuan ez ezik, saltoki kolaboratzaile guztiek izango dituzte produktu bereziak, deskontu, bonu eta aparteko abantailak, beren dendetan”, azaldu dute.
“Gure dendek kalitatea eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dute, baita ere xarma berezia”
Herriko dendetan “altxor paregabeak” aurkitu daitezkeela esan dute Xabier Ortuzar Butron alkateordeak eta Maite Caruezo Ugalde merkataritza zinegotziak: “Gure dendek kalitatea eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dute, baita ere xarma berezia”. Hori horrela, bermeotar guztiak animatu dituzte Bermeoko saltokietara eta ostalaritzetara hurbiltzera eta bertan erostera eta kontsumitzera; “herrian inpaktu positiboa lortuko dugu denon artean”.Era berean, Summer Market azoka “ekintzaileei laguntzeko eta gure komunitatearekin benetako loturak sortzeko aukera paregabea ere badela” gehitu dute.
Azoka eta deskontuak egongo badira ere, Summer Marketen baitan bestelako hainbat gauza ere egongo direla zehaztu dute : erakustaldiak, janari eta edari dastaketak, foodtruckak, zozketak, haurrentzako jarduerak, musika, umeentzako argazki rally (8-14 urte)…
500 euroko hiru bonu. Bermeo Summer Market ekimenaren barruan, horretan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko 500 euroko hiru bonu zozkatuko dituzte azokan eta denda kolaboratzaileetan erosketak egiten dituzten guztien artean.
Zozketan parte hartzeko, merkatuko postuetan zein parte hartzen duten dendetan (erakusleihoetan identifikatuta) erosketak egiterakoan banatzen dizkieten txarteletan jarri beharko dituzte harremanetarako beharrezkoak diren datuak. Ondoren, jasotzen diren txartel guztiekin zozketa egingo dute etzi, Goiko Plazan, 19:30ean.
EGITARAUA:
- Bihar.
- 12:00. Inaugurazioa eta azokaren hasiera.
- 13:00. Street Food eta edariak.
- 17:30. Tailerrak: Janzteko eta arropak garbitzeko aholkuak eta kolorimetria.
- 18:30. Street Food.
- 19:00. Leire Gotxiren kontzertu akustikoa.
- Etzi.
- 11:00. Azokaren hasiera.
- 12:00. Umeentzako argazkilaritza rallya. 11:00etatik aurrera izena eman behar da.
- 12:30. Tailerrak: Boltsen pertsonalizazioa eta air fryerren erakustaldia eta gomendioak.
- 13:00. Bermuteke eta swing musika.
- 17:30. Tailerra: Japoniar loreen teknikak.
- 18:30. Street Food.
- 18:30. Kontzertua eta DJ Iraia eta Paul Larrozea.