Jaietako pregoilaria aukeratzeko herritarren proposamenak jasoko ditu udalak
Gero eta gutxiago falta da Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako. Urtero legez, jaiak abiarazteko txupina botako dute irailaren 7an, eta aurten Bermeoko Udalak pregoilaria aukeratzeko herritarren proposamenak jasoko ditu.
“Jakin badakigu txupinazoa denontzat berezia dela, horregatik, denon artean erabaki gura dugu zein talde, elkarte edo pertsona egongo den udaletxeko balkoian”, adierazi dute udal arduradunek.
Proposamenak Berhaz bulegoan aurkeztu daitezke edo Internetez. Proposamenak aurkezteko azken eguna abuztuaren 4a (barikua) izango da.
Ondoren, herritarrek aurkezten dituzten proposamenen artean, finalistak aukeratuko dituzte, eta abuztuaren 7tik 14ra bitartean, aurkeztutako proposamenen artean bozketa egingo dela aipatu dute.