Olatz Arrizabalagak garaipenagaz hasi du udako torneoa
Udako Master Laboral Kutxa torneoaren jardunaldi bikoitza jokatu zuten Santiago Egunez (uztailak 25), Gasteizen. Agirrezabala-Galeano eta Etxegarai-Gaminde bikoteek garaipen garrantzitsuak eskuratu zituzten. Gasteizko III. Emakumeen Masters torneoaren finalerdiak ere izan ziren, eta, beraz, bi bikote horiek abuztuaren 6an jokatuko dute finala.
Eguerdiko bigarren partiduan, Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Leire Galeano antzuolarrak erraz gainditu zituzten Leire Garai gasteiztarra eta Andrea Capellan errioxarra. Errematean erakustaldia emanda, Gernika-Lumoko aurrelaria nabarmendu zen partiduan. Capellan ezinean aritu zen, eta etxeko pilotaria gernikarrari aurre egiten saiatu bazen ere, bere distira erakusten duen egun horietakoa izan zen Arrizabalagarena. 22 eta 8 amaitu zuten.
Madalen Etxegarai eta Enara Gaminde eta Amaia Aldai eta Uxue Oses bikoteen artekoa izan zen jaialdiko lehenengo partidua. 22 eta 10 irabazi zuten Etxegaraik eta Gamindek. Lehen jardunaldian nagusituta, dimoztarra eta oñatiarra torneoko lider heldu ziren neurketara, baina, ez ziren ondo egokitu Gasteizko erdigunean dagoen ez ohiko pilotalekuaren baldintzetara. Etxegarai oñatiarra ausart eta eraginkor aritu zen aurreko koadroetan, Aldairi inolako beldurrik gabe jokatuta eta Laukizko atzelariak bere sasoi itzelari eutsi ahal izan zion, oso seguru, eta zuloak irekitzen.
7 jardunaldi. Uztailaren 12an Larrabetzun aurkeztu zuten Udako Master Laboral Kutxa Torneoaren bigarren edizioa. Bertan torneoko sustatzaileek azpimarratu bezala, txapelketak “kalitatezko jauzia” emango du aurten, eta, bikote bakoitzak lau partida jokatzeko aukera izango du ligaxkan. Bost bikote lehiatuko dira, eta ligaxka zazpi jardunaldik osatuko dute.
Uztailaren 16an Barakaldon hasi zuten udako torneoa, eta aste honetako Gasteizkoa bigarrena izan da (Arrizabalagarentzat lehen jardunaldia izan da). Abuztuaren 6ko finala izango da torneorako puntuagarria den hirugarren jardunaldia. Hurrengoak Zarautzen (abuztuaren 18an), Donostian (abuztuaren 19an), Bakion (abuztuaren 30ean) eta Lezon (irailaren 4an) izango dira.
Zarautzen Arrizabalagak eta Galeanok Aldairen eta Osesen kontra jokatuko dute, eta Arraiza-Mendizabal eta Etxegarai-Gaminde bikoteen artekoa izango da beste partidua.
Aurrelari gernikarrak Donostian eta Lezon ere jokatuko du.
Finalerdiak irailaren 13an lehiatuko dituzte Galdakaon. Finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua irailaren 29an jokatuko dituzte Hondarribian. Aldai eta Capellan dira iazko irazleak.