Mendata Ezagutuz proban aurretiaz izena eman ahalko da abuztuaren 1etik aurrera
Mendata Ezagutuz mendi ibilaldia eta mendi maratoia irailaren 3an (domeka) izango da. XXII. Ibilaldi neurtua eta XVII. Mendi maratoia izango dira.
Hiru ibilaldi izango dira: 9 km-koa, 21 km-koa eta 37 km-koa.
Aurretiaz izena eman gura dutenek abuztuaren 1tik 31ra bitartean egin ahalko dute http://mendataezagutuz.net webgunean. Tarte horretan izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira. Bestela, martxaren egunean bertan ere izena eman ahako da. Horretarako mahaiak 06:30tan ipiniko dituzte; 500 parte-hartzaileetara heldu arte izena eman ahalko da. Irailaren 3an izena ematen dutenek 20 euroko ordaindu beharko dituzte.
Izena ematen duten guztiek 10 euroko deskontua daukan kupoia jasoko dute Ternuako Mendata Ezagutuz 2023 kamiseta erosteko (kamisetaren deskontu gabeko prezioa 25 eurokoa da).
Mendata eta inguruko “txoko ederrak ezagutzeko eta gozatzeko” proposamena egin dute antolatzaileek, eta eguerdian, sukalki herrikoia prestatuko dute. Probaren arduradunek gogoratu bezala, sorreratik helburu berberei eusten diete, eta urtez urte horiek betetzen joan direla nabarmendu dute. “Ibilaldiarekin herriko kirolari eman dioten ikuspegi berria urtez urte sendotzea eta suspertzea, bertako ingurumen naturala, kultur ondarea eta bizitzeko era, batez ere baserritarrena, ezagutaraztea eta mendizale ugariren parte-hartzea lortzea” dira helburu nagusiak.