Maumeko Atariko Erdi Aroko galtzadaren zati berri bat aurkitu dute
Ezagutzen zen tartearen beheko aldean galtzadaren zati berri bat aurkitu dute. Modu onargarrian kontserbatutako tarte bat aurkitu eta induskatu da, 4 metroko luzerakoa, galtzadaren trazadura berresteko aukera eman duena. Kristauen inskripzioak dituen labar multzo bat ere aurkitu dute.
Maumeko Atariko Erdi Aroko galtzadaren zati berri bat aurkitu dute Maumeko Auzolandegietan, Agiri arkeologia taldearen laguntzagaz. Aurtengo Auzoladegietan, galtzada garbitzen eta ikusarazten ibili dira gaztetxoak, baina horrez gain, ikerketa ere bultzatu dute; izan ere, iaz, bizilagun batek “ahoz jakinarazi” zien “galtzadak beherantz jarraitzen zuela”, eta hori ikertu dute.
Hala, baieztatu dute ezagutzen zen tartearen beheko aldean ere galtzada kontserbatu dela. “Zati bat zatika mantendu da, 1980ko hamarkadako baso lanek asko kaltetu zutelako. Hala ere, modu onargarrian kontserbatutako tarte bat aurkitu eta induskatu da, 4 metroko luzerakoa, galtzadaren trazadura berresteko aukera eman duena; oromiño-Orobio ibaiko zubirantz jaisten da, Maumebeia baserriaren eta Olea burdinolaren ondoan”, adierazi du Juan Carlos Quintana arkeologoak. Dioenez, “oso garrantzitsua” da hori aurkitu izana, “bidearen nondik norakoa ezagutzeko balio dielako”.
Hala, ezagutzen zen 500 metroko trazaduraz gain, 300 metrora, 100 metroko beste zati bat aurkitu dute, Erdi Aroko galtzadaren hondakin zatikatuekin. “Garbiketaz eta kontserbazio jarduerez gain, galtzadaren ezagutzan aurrerapauso bat ematea erabaki dugu. Eta, kanpaina bat antolatu dugu, 8 eremutan lagin bidezko prospekzio arkeologikoak eginez. Horiei esker, bidearen nondik norakoa zehaztu dugu, eta ziurtasunez esan dezakegu hemendik igaro zela, eta baso lanetako makina astunekin apurtu zutela 80ko hamarkadan”, dio Quintanak. Ziurtatu du, 1980ko hamarkadan, baso lanek galtzada “apurtu” zutela, eta, ordutik, alde batera utzita egon dela. “Azken urteetan, gainera, alde batera utzita egon da galtzada, landarediaz estalita. Ez ditu egitura arazoak izan, baina garbitu beharra zegoen”, dio.
Galtzada hori Bizkaian kontserbatutako Erdi Aroko biderik zaharrena dela adierazi du Quintanak. “Iaz, Maumeko galtzada berreskuratzeko eta ikusarazteko lanekin hasi ginen, izan ere, ondasun garrantzitsua da, bakarra, balio arkeologiko eta historiko ukaezina duena. Zoladurari dagokionez, Bizkaian gordetzen den galtzada zatirik zaharrena da. Beste leku batzuetan ere badaude bide zatiak, baina hau da daukagun eta kontserbatuta dagoen zaharrena”, azaldu du arkeologoak.
Gainera, galtzadaren ondoan, kristauen inskripzioak dituen labar multzo bat aurkitu dute, gurutzeak dituena, eta galtzadagaz lotura duena. “Inkripzio horien esanahia ez dago oso argi, eta interesgarria izango litzateke Erdi Aroko gaietan adituak direnek hori ikertzea, bidegurutze horretan dauden horien esanahia zein den jakiteko”, eskatu du arkeologoak. Izan ere, dioenez, “oso ohikoa” da ermiten zein elizen inguruan gurutzeak egotea, baina ez horrelako bidegurutze batean, galtzada baten ondoan. “Kristau sinbologiako inskripzioak dira, merkatariek, bidaiariek eta erromesek seinaleztatutako lurralde erreferentzia garrantzitsu bat agerian uzten dutenak. Bizkaian dugun adibide bakarra da. Lurraldetik kanpoko beste eremuetan badaude horrelakoak, baina Bizkaian ez”, gaineratu du. Halaber, hareharrizko lauzek gurdien errodak mantentzen dituzte oraindik.
Guzti horren ondorioz, Quintanak ondorioztatu du “multzo arkeologiko bat” dagoela Urdaibaiko ataria modura ezagutzen den lekuan: “Ondare eta arkeologia balio handiko lekua da, eta zaindu egin behar dugu”.
Hala, gunearen balio historikoa kontutan hartuta, “kontserbazioarako plan” bat zehaztu dute, 80ko hamarkadan gertatutakoa ez errepikatzeko. Ondorioz, datorren astean topografo batek tarte guztiaren kartografia egingo du, eremu guztian erreferentziak zehaztuz: “Gero, datu horrek udal eta foru zerbitzuetara bidaliko dira, berriz ere basoan esku hartzerakoan galtzadatik kontserbatzen diren zatiak errespetatzeko”.
Gero, aurten aurkitu den 100 metroko galtzada zatia estali egingo dutela azaldu dute, “horrela hobeto kontserbatzen delako”. Zehaztu dutenez, egitura mota horiek “hobeto kontserbatzen dira estalita”, eremu honetako eguraldia tarteko. Gunerari zabalkundea eta balioa emateko, baina, egokia litzatekeela gunearen ondoan informazio panelak jartzea dio.
Maumeko galtzada Erdia Arokoa da, eta horri buruzko aipamen zaharrena 1366ko Gerrikaitzeko hiri gutunean agertzen dela jakinarazi dute. “XIV. mendean, Gerrikaitzeko hiri kartan aipatzen da Maumeko galtzada, eta, beraz, ondorioztatu dezakegu, XIV. mendekoa baino lehenagokoa dela, aurretik ere erabiltzen zela”, azaldu du Quintanak.
Zehaztu duenez, galtzadak euskal kostaldea Arabako Errioxarekin eta barrualdeko lurraldeekin lotzen zuen, Bermeo-Gaztela Bidea izenekoaren barruan. Gaur egun, Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea bezala ezagutzen da, ibilbide luzeko mendi ibilien ibilbidea (GR-38). “Komunikazio bide bat zen, batez ere Bermeo, Lekeitio eta Ondarroaren eta barnealdearen artekoa. Gero, ardoaren eta arrainaren bidea bezala egin zen ezaguna, baina arraina hegoalderantz mugitzeko bide ekonomikoa zen, baita hegoaldetik ardoa eta zereala ekartzekoa ere. Egia da, baina, lekuak arreta deitzen duela, mendate leunagoetan egon zitekeelako, baina, Maumetik, Lea Artibaira eta Urdaibaira iristeko aukera dago”.
Bide horretan, Maumeko burdindegia dago, eta, hain zuzen ere, hori leheneratzea zen Muxikako Udalaren hasierako helburua. “Gure herriak 50 kilometro koadro diru, eta partaidetza saio batzuk egin genituen, herritarren beharrizanak ezagutzeko. Hala, auzo askotako emakumeek esan zuten elkarguneak falta zitzaizkiela auzoetan. Eta horiek berreskuratzeko helburuagaz, udalerriko ondare historikoa ikertzen eta katalogatzen hasi ginen. Hala, gure helburua Maumen dagoen burdinola lehengoratzea zen, ez Maumeko Atariko galtzada garbitzea”, adierazi du Begoña Enbeita Muxikako alkateak. Ondare historiko horri buruzko datuak biltzen hasi eta galtzadaraino ailegatu ziren. “Burdinolak ez dira mendietan egoten, baina, zergatik hemen bai? Ez da ohikoena. Galtzadatik pasatu zirenei zerbitzua emateko izan zitekeen, ez burdina lantzeko. Horri buruz ikertzen jarraitu behar da”.