Bermeoko Liburu eta Disko Azokak bihar zabalduko ditu ateak
Euskarazko zein gaztelaniazko berritasunek, liburu zein diskoek, %10eko beherapena izango dute.
Euskarazko eta gaztelaniazko liburuak eta diskoak salgai dituzten erakusleak egongo dira bihartik [uztailak 28], Bermeoko Lameran. Abuztuaren 6a (domeka) bitartean, eskaintza zabala aurkituko dute bertara hurreratzen direnek, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Euskadiko Liburu Ganbarak eta Bermeoko Udalak antolatutako Bermeoko Liburu eta Disko Azokaren gaia euskal idazle emakumeak izango da. Irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea dute asmo. Hala, Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa edota euskal gaia bezalako alorretako produktuak egongo dira aukeran.
Euskarazko zein gaztelaniazko berritasunek, gainera, liburu zein diskoek, %10eko beherapena izango dutela esan du Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak. Gaur egun, batzuk aipatzekotan, salduenen artean Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan, Leire Bilbaoren Etxeko Urak edota Irati komikiaren berrargitalpena daudela aipatu du.
Asteburuetan, gainera, azokak zenbait idazleren bisitak izango dituela jakitera eman du. Beste batzuen artean, El fantasma de los Munitiz liburuaren idazle Oskar Gallardo bertaratuko dela esan du Muniategik: “Bere lana Urdaibain kokatuta baitago, eta oso berezia da”.
Bermeon “oso oinarrituta” dagoen azoka dela nabarmendu du Muniategik; “35 urte inguru izango dira azoka lehenengoz jarri genuenetik”. Urte hauetan guztietan, data aldaketak egon izan dira, eta azken urteetan uda sasoian jarri izan dute azoka. “Edozein sasoi izanda ere, gu beti gaude prest Bermeora joateko. Udan, hala ere, ondo dago; egunak luzeagoak dira eta jendea lasaiago ibiltzen da. Azokagaz jendea animatu gura dugu irakurtzera. Solasaldietan, jai egunetan eta oporretan jendeak liburua lagun izatea gura dugu”.