'Luis Iriondo' Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa prestatu dute
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta Arteskolak antolatu dute lehiaketa bigarrenez, eta izena emateko epea zabalik dago. Domekan, 09:00etan hasiko da lehiaketa, eta 14:30ean amaitu.
‘Luis Iriondo‘ Aire Zabaleko II. Pintura Lehiaketa egingo dute domekan Gernika-Lumon, kultur etxeak eta Arteskolako ikasleek elkarlanean antolatuta. Jose Antonio Uriguenegaz batera sortu zuen Iriondok Gernika-Lumoko Arteskola duela 60 urte, eta bertako artista asko eta askoren topagune bihurtu da gaur egun arte. Irakasle lanetan bere jakintza eta maisutasuna partekatu zituen bertan, eta haren omenezko lehiaketa egitea prentsatu zuten iaz Arteskolako kideek.
Aurten, berriro antolatu dute, eta domekarako jarri dute hitzordua, 09:00etan Foruen plazan jarriko duten karpan. Ordu horretan hasiko da lehiaketa, eta lanak 14:30era bitartean aurkeztuko ahal izango dira, sari banaketa 15:00etan egingo baitute.
Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta izen ematea kultur etxearen webgunean edota bulegoetan egin daiteke. Zehaztu dutenez, lehiaketaren egunean bertan ere izena eman ahalko da, baina aurretiaz egitea gomendatu dute antolatzaileek.
Parte hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkez dezake, eta gaiari erreparatuta, Gernika-Lumoko hiri paisaia izango da oinarria; hala nola, monumentuak, jendea, txokoak, paisaiak, bazter ezagunak, jendea… “Obra egiteko ez da argazkirik onartuko, ez eta lehiaketaren eguna baino lehenagoko apunterik ere”, zehaztu dute Arteskolakoek.
Tenikei dagokienez, olioa eta akrilikoa erabili ahalko dituzte parte hartzaileek, mihise eta akuarelaren gainean, baita teknika mistoak ere, paper gainean. Hala, parte hartzaileek “teknika eta joera estetikoan askatasun osoa” izatea bilatu dute. Euskarriari dagokionez, mihisearen kasuan. 65×50 zentimetrokoak izango dira, eta akuarelarako 100×73 eta 31×41 zentimetokoak.
Lehiaketan parte hartzen dutenek eurek eroan beharko dute euskarria, bai eta obra egiteko beharrezkoak dituzten gainerako tresnak ere. “Ekartzen duten euskarria lehiaketaren egunean zigilatuko dute, 09:00etatik 10:00etara bitartean”, zehaztu dute antolatzaileek.
Lehiaketako parte hartzaileen artean lau sari banatuko dituzte. Lehenengo saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 600 eurokoa, eta hirugarrena 400 eurokoa. Laugarren saria udalerriko artista baten obrarik onenari emango zaio: 300 euro. Gainera, parte hartzen duten guztiei opari txiki bat ere emango zaie.
Lehiaketaren ostean, obrak ikusgai egongo dira 21:00ak arte Foruen plazan, eta, hurrengo egunetan, abuztuaren 26ra bitartean, kultur etxeko erakusketa aretoan ikusi ahalko dira.
Jakinarazi dutenez, saritutako lanak udalaren esku geratuko dira eta udalak erakutsiko, erreproduzituko edo argitaratuko ditu, “egile eskubiderik inork eskatu ezin duelarik”. Gainerako obrak erakusketa amaitutakoan eroan ahal izango dituzte. “Erakusketa amaitu denetik hilabete igaro ondoren, udalak bere gain hartuko ditu eroan gabeko obrak, artistak obra udalerriari ematea erabaki duela uste izango baitu”, esan dute.
Xehetasunak.
Parte hartzaileak Foruen plazara hurbiltzen direnean, gutun azal bat jasoko dute, euren partaide zenbakiagaz gutunaren kanpoaldean eta bete beharreko fitxa bategaz barruan. Gutun azal itxi horretan aurkeztu beharko dute euren obra, eta egokitzen dieten zenbakiagaz identifikatu beharko dute. “Behin papera jasota, parte hartzaileak obran islatzeko auekratu duten kokalekura abiatuko dira. Premia handiko kasuetan izan ezik, parte hartzaileak ezin izango dira lehiaketa eremutik atera, hau da, Gernika-Lumotik”, azaldu dute. Egunean zehar kontrolak egingo dituzte antolatzaileek, lehiakideak lehiaketa eremuan daudela egiaztatzeko.
Amaitutako eta sinatu gabeko obrak inskripzioaren leku berean entregatuko dira, gutun azal itxiaren eta datu pertsonalekin fitxa eta zigilatzeko unean entreagtutako obrarena erantsuta. Obrak karpan jarriko dira, epaimahaiak azter ditzan, eta jendeari erakusteko.
Hala, epaimahaiak ez du obraren egilea nor den jakingo, eta haren zenbakia baino ez du puntuatuko (0tik 10era), 14:00etatik 15:00etara. Epaimahaiaren erabakia 15:00etatik aurrera jakinaraziko dute, karpan bertan, ikusleen aurrean.