Egun osoko egitarauagaz dator Ereño Arrecifal Fest jaialdia
Ereño Arte eta Natura Behatokia osatzen duten harrobietara eta Ereño Museora bisita gidatuak, umeentzako tailerra, film-laburrekin osatutako proiekzioa eta kontzertuak eskainiko dituzte abuztuaren 5ean (zapatua). Jarduera batzuetarako aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa da.
Ereñoko Udalaren laguntzagaz, LePatafisic Cabinet taldeko Rober Garayk eta Alber Palomerak antolatuta, II Ereño Arrecifal Fest jaialdia ospatuko dute abuztuaren 5ean (zapatua). Hamalau orduko egitaraua prestatu dute, askotariko jarduerekin, eta askotariko publikoari zuzenduta.
Urtero udan harrobietara bisita gidatuak antolatzen dituzte, obra zein bera sortzerakoan eduki zituzten helburuak azaltzen dituzte, eta jaialdia bera ere urtero antolatzea zen euren asmoa, baina pandemiagatik ez dute egin. Garayk gogoratu bezala, 2019ko ekainaren 1ean egin zuten lehenengo jaialdia, Ereño Arte eta Natura Behatokiaren irekiera egunean. “Oraingoa kolektibo desberdinei zuzendutako jaialdia izatea gura genuen, ez bakarrik harrobiko gure obra ikusteko interesa daukatenentzat. Gurea marmol gorriari loturak ezartzen dizkion lana da, gure obra marmol gorriari egindako omenaldia da”.
Abuztuaren 5ean, goizean eta eguerdian Ereño Arte eta Natura Behatokia artelan multzoa biltzen duten Geranda Erdikoa eta Geranda Goikoa harrobiak bisitatuko dituzte, eta, baita Ereño Museoa ere. Harrobian sortutako artelan-multzoaren maketak, proiektuak eta planoak daude museoan.
Arratsaldean, ostera, umeentzako tailerra eskainiko dute, museoaren beheko partean. Fosilak marraztuko dituzte, eta, ondoren, bertan eskegiko dituzte. 17:00etan hasiko dute saioa, eta antolatzaileek materiala eroango badute ere, parte hartzen dutenei koadernoak eta margoak eroateko eskatu diete.
19:00etatik aurrera Geometria Sagrada deritzon proiekzioa izango da, Palomeraren eta Garayren solasaldiagaz osatuta. Geometria sakratuari buruzko proiekzio horrek artista batek “naturan inspirazioa bilatzen” duenari buruzko ikuspuntua biltzen du: “Gure diskurtso artistikoa sortzeko asko inspiratzen gaituen gaia da”. Hainbat “film-labur didaktiko” izango dira, eta gutxi gorabehera 20-25 minutuko proiekzioa izango da: “Bisitak egiten ditugunean, 5-7 minutuko film-laburrak proiektatzen ditugu, harrobien izkinaren batean edo kobaren baten sarreran edo museoan. Ez dira gureak, eta, esaterako, naturaren geometriaren lengoaiari buruzkoak dira batzuk. Jendeari geometria sakratuaren lengoaiara begirada egokitzeko baliagarriak diren azalpenak ematen dizkiogu”.
Garayk azaldu duenez, horien bitartez, euren artearen jatorriari buruzko interesa daukatenei “euren diskurtso artistikoa eraikitzeko abiapuntu diren datu asko dituztela kontatzea” dute asmo. Datu horiek naturak berak ematen dizkiela zehaztu du, “hau da, harriak eta marmolak berak”.
Ondoren, Meganeuras bikoteak “errepertorio klasikoagaz” osatutako kontzertua eskainiko du, plazan.”Kamara kretazeoko kontzertua da. Laurak eta Nuriak eskaintzen dutena, gure diskurtsoaren soinu-bandagaz paralelotasuna daukan musika klasikoa da; kontzertuak kordazko sinfoniarekin dauka zerikusia”. Aurreikusi dutenaren arabera, honako abestiekin osatuko dute errepertorioa: Ciaccona Op.2 No.12, Bendetto Marcello / Duo de Violin, Telemann Concerto in D minor, Bach, Lord Aboyne’s Welcome or Cumbernauld House, Giovanni Sollima eta Chiara Zanisi.
21:30etan, ostera, Neønymus artista Geranda Erdikoan ariko da. 2019ko irekieran ere bertan eskaini zuen kontzertua. Ahots, soinu eta instrumentuen nahasketa pertsonala da berea, harriagaz bat eginda. “Kretazeo garaitik Paleolitikora bitarteko arrezife eta soinudun alegiazko bidaia” osatuko du: “Berezia da guretzat, lurraren eta gizateriaren antzinako etapekin oso ondo bat egiten baitu, eta, zelanbait, guk daukagun diskurtsoaren parte da, gure obra artistikoaren, sintonia arrezifalaren eraikuntza-kontzeptualaren parte da. Soinu-lengoaia sortuko du, antzinako arrezifeagaz elkarrizketan. Guk ere harria ikusteko daukagun modua horrela komunikatzen dugu”.
Izena eman. Kontzertuetarako izan ezik, gainontzeko jardueretarako sarrera mugatua da, eta, beraz, aurretiaz erreserba egitea beharrezkoa da 94-625 46 21 telefono zenbakira deituta.
Egitaraua:
- 10:30. Bisita gidatua Ereño Arte eta Natura Behatokira eta Ereño Museora.
- 12:30. Ereño Museora bisita gidatua, eta Rudisto musikariak harrizko txalaparta joko du.
- 17:00. Marrazki Molusko tailerra, umeentzat.
- 19:00. Geometria Sagrada proiekzioa, eta Rober Garay eta Alberto Palomeragaz solasaldia.
- 20:00. Meganeuras bikotearen kontzertua, plazan.
- 21:00. Neønymus artistaren kontzertua, Geranda Erdikoan.