Bizitzaren bidaia, margolanetan
Rosa Mari Gabantxo bermeotarraren 'Neure bizitzako margolana' arte erakusketa ikusgai dago datorren domekara [uztailak 30] arte, Mundakako Tribisarrospe kultur etxean
Rosa Mari Gabantxo artistaren Neure bizitzako margolana izeneko margolan erakusketa dago ikusgai Mundakako Tribisarrospe kultur etxean. Egile bermeotarrak bere bizitzaren laburpena artelan erara eman du, eta hilaren 30era arte ikusgai egongo da. Eguenez eta barikuz, arratsaldez egongo da zabalik erakusketa, 12:00etatik 14:00etara; asteburuan, ostera, goizez nahiz arratsaldez.
46 pieza inguruk osatzen dute erakusketa eta paisaiak dira nagusi, artistak azaldu duenaren arabera: “Paisaiak, erliebeak eta ikuspegi panoramikoak nabarmentzen dira; neure bizitzan eragina eduki duten edota esanguratsuak izan diren tokiak margotu ditut, bidaia antzeko bat eginez. Izan ere, inguruko hainbat lekutan ibilitakoa naiz, eta txoko horiek transmititu izan didatena islatu dut”. Besteren artean, Busturia, Bermeo, Mundaka edota Bakio irudikatu ditu Gabantxok, baita Urdaibai Biosfera Erreserbako beste hainbat bazter ere.
Rosa Mari Gabantxo: “Denetariko teknikak erabili ditut, denetariko lanak baitaude”
Margolanak sortzeko teknikei dagokienez, “aniztasuna” azpimarratu du sortzaileak: “Denetarikoak erabili ditut, denetariko lanak baitaude”. Besteak beste, arkatzagaz, akrilikoekin, mihise gainean, akuarela zein urmargo likido estilora edota olio erara egindakoek osatzen dute Gabantxoren erakusketa. Hilaren 15ean zabaldu zuen eta, orduz geroztik, “jende pila bat” ikustera animatu dela adierazi du: “Erakusketa eremura gehien egokitzen diren obrak hautatu ditut, eta esango nuke zentzu horretan asmatu egin dudala. Jendeak, gaur-gaurkoz, begi onez hartu ditu artelanak, eta guztien iritziak jaso ditut”.
Hartzaileagaz hartu-emana ezartzea, hain zuzen ere, “zeharo garrantzitsua” da egilearentzat. Hori horrela, erakusketara sartu eta sartuko direnek orri zuri bat edukiko dute eskuragarri, beraien “iritziak, ekarpenak edota hausnarketak” bertan idazteko; gainera, bisitariei harremanetarako telefono zenbaki bat idazteko ere eskatzen die Gabantxok. “Izan ere, 29an edo 30ean, zozketa bat egingo dugu beraien ikuspuntuak orri horretan elkarbanatu dituzten bisitari guztien artean”. Jasotako iritzi denak “kontuan edukiko dituela” azalduta, Gabantxok erakusketa eskualdeko beste herri batzuetara zabaltzea du gogoan. “Esate baterako, artelan horiek Gernika-Lumon edo Busturian erakustea asko gustatuko litzaidake; momentuz, ez daukat ezer lotuta, baina benetan polita litzateke”, argitu du.
“Garrantzitsuena kultura eta artea zabaltzea eta herritarrei ahal bezainbeste hurbilaraztea dira”
Alemaniaraino iritsi da. Erakusketaz gozatzeko aukera eduki duten guztien artean, bada Gabantxori arreta deitu dion bisitari bat: “Alemaniar emakume bat Mundakan egon da oporretan oraintsu, eta erakusketatik pasatu da; bertan ikusitakoa hainbeste gustatu zitzaionez, margolanetako bat erosi, eta Alemaniara eroan zuen. Esperientzia ederra izan zen”. Lanak salgai dauden arren, egileak nabarmendu du salmenta “ez dela lehen mailako helburua”: “Garrantzitsuena kultura eta artea zabaltzea eta herritarrei ahal bezainbeste hurbilaraztea dira, zalantza barik. Esate baterako, poz handia hartu dut umeak zein gazte jendea erakusketan ikusi izan ditudanean”.