Hegaluzearen herri ondarea eta jasangarritasuna uztartuko dituzte
Barikutik [uztailak 28] domekara [uztailak 30] artean egingo dute Itsasotik Mundakara Hegaluzea egitasmoa. Eskaintza zabala prestatu du Perondo Kultur Elkarteko lantaldeak.
Mundaka prest dago Hegaluzea Itsasotik Mundakara izeneko egitasmoaren bigarrenez hartzeko. Iazko lehen aldi arrakastatsuaren ondoren, ondarea, gastronomia, kultura eta ingurugiroaren babesarekiko ardura barnebiltzen dituen egitasmoaren bigarren aldia iazkoa baino luzeagoa izango da. Aurten, Perondo Kultur Elkarteko antolakuntza lantaldeak egun bakarretik hirutara jauzia egingo du eta, gainera, “alderdi berriak” gehituko dizkio egitarauari. Iazko esperientzia “bikaina” errepikatzea eta, posible baldin bada, “hobetzea” bilatuko dute. Barikuan [uztailak 28] hasiko dira, eta domekan [uztailak 30] amaitu.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, iaz legez, aurtengo programazioaren ardatz nagusiak bi izango dira: “Batetik, hegaluzeak herri honetan duen kultura edota ondarea lau haizetara zabaltzen jarraitu gura dugu; bestetik, itsasoa eta, oro har, ingurugiroa jagoten jarraitzeko apustuagaz aurrera egin nahi dugu”. Hegaluzea, herrian, “omenaldia merezi duen produktua” dela azaldu dute: “Bertoko gastronomiko produktu esanguratsuenetako bat izateaz harago, hegaluzearen atzean jende askok ezagutzen ez duen kultura dago; sustraiak daude, bizimodua, ondarea. Horri guztiorri omenaldia egiten saiatuko gara. Horrez gain, arrantzagaz eta kostaldeagaz hain lotuta dagoen langaia izanda, jasangarritasuna eta kontsumo arduratsua ere sustatu gura ditugu. Horretarako, herriko arrantzaleek eta AZTIk laguntza handia eman digute, eta egitarauan parte hartuko dute”.
Mundaka Surf Taldeko kideek kosta garbiketa antolatu dute
Hain zuzen ere, AZTIko Iñigo Onandia izango da aurtengo egitaraua zabalduko duena. “Aditu handia da, eta hegaluzeak zelan markatu irakatsiko du; markaketa kontu garrantzitsua da, arrain horien jarraipena egitea eta espeziearen osasunaren nondik norakoak jakitea ahalbidetzen baitu”. Jasangarritasunaren auziak, gainera, jarraipena edukiko du zapatuan. “Mundaka Surf Taldeko kideek kosta garbiketa antolatu dute, eta gure babes osoa daukate; jendearengan kontzientziazio lan handia egin beharra dago oraindik. Horrez gain, SARETU elkarteko Naia Gonzalezek sareei bigarren bizitza zelan eman argituko du.
Jan-edanerako plaza aparta. Iazko ereduari jarraituz, aurten ere zortzi postu inguruko azoka eremua prestatu dute antolatzaileek. Horrez gain, hegaluzea hainbat produktugaz ezkonduko dute. Uztartze horiek dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. “Hemen hain errotuta dagoen produktu bat beste zein modutara kozinatu eta aurkeztu daitekeen ezagutzera ematea da dastaketen jomuga nagusia”, nabarmendu dute.
Hegaluzea hainbat produktugaz nahastuko dute, denetariko sukaldaritza ereduekin kozinatzeko
Barikuan, 20:00etan, egingo dute lehendabizikoa: hegaluzea garagardoagaz batuko dute. Urdaibai eta Cusumano kontserba etxeetako produktuak hiru Boga garagardo artisauagaz uztartuko dute. Bigarren dastaketa, zapatuan 13:30ean egingo dutena, beste edari bategaz erlaizonatuta egongo da: txakolinagaz. Itsasmendi upategiko Garikoitz Rios eta Bingen Mendizabal izango dira ardo mota hori sukaldaritza tradizionalagaz lotuko dutenak.
Hegaluzeak eta ardoak, baina, berriro egingo dute topo, 19:00etan Sare eta Kopa artean izeneko dastaketa egingo baitute; Vinos Singulares eta Alakrana etxeetako produktuak dastatzeko aukera egongo da. Laugarren eta azken uztartzea Jurgi Arejitaren esku egongo da. Arejitak hegaluzeari “beste itxura bat” emango dio: “Ekialdeko sukaldaritza ereduak bikain dominatzen ditu sukaldari horrek, eta guztiz ziur gaude bertaratzen diren denak harrituko dituela”.
Dastaketetarako izen ematea zabalik dago, baina “bide oso onetik” doala adierazi dute antolatzaileek
Uztartze eta dastaketa guztietarako izena emateko epea zabalik dago; lekurik balego, bakoitzaren egunean bertan ere egin ahalko da, baina “bide oso onetik” doazela azaldu dute. Lehenengo saioak 16 euroko prezioa edukiko duela aurreratu dute antolatzaileek; gainontzeko hirurek, ostera, 27 eurokoa. Aurretiaz izena emateko, perondokulturelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali beharko durte interesa dutenek, eta zein dastaketatan parte hartu gura duten adierazi ere bai. Era berean, 657 733 354 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat bidalita ere eman dezakete izena.
Musikak ere toki esanguratsua edukiko du aurtengo egitarauan. Kanta Kanta Lorue eta Katiusk-k Zabal Band taldeen parte hartzeagaz kontatuko dute antolatzaileek. “Musika herrian barrena eta kalez kale eroatea da geure asmoa; egitasmoaren kokalekua talatik, plazatik edota portutik aterako dugu, eta Mundaka jai giroan murgilarazten saiatuko gara”. Horrez gain, zapatuan, 17:30ean, jazz doinuak egongo dira plazan: “Talde bezala izenik ez duten arren, jazz musikan adituak diren zenbait musikari edukiko ditugu bertan, guztiak maila handikoak; hori ere aurtengo apustuetako bat izan da”.
Bitor Alonso Fradua mundakar kazetariak Dorot Badiola arrantzaleari elkarrizketa egingo dio
Arrantzaleei aitortza. Barikuan, gainera, Mundakako arrantzale ohiturari ere plaza bat eskainiko diete antolatzaileek: “Dorot Badiola mundakar arrantzaleekin jendaurreko elkarrizketa egingo du Bitor Alonso Fradua herriko kazetariak. Geure arrantzaren iragan eta oraina errepresentatzen dute Badiolak eta bere belaunaldikideek; hori aintzatestea zeharo garrantzitsua da etorkizunera begira”. Arrantzaren historiagaz jarraituta, Rafael Uriartek bertatik bertara azalduko du Euskal Herriko hegaluze arrantzontziak ur tropikaletara zelan ailegatu ziren eta eremu horietan eduki zuten zabalkundea nolakoa izan zen azalduko du.
Herriko LAPSE Dantza eta Gorputz Adierazpen taldearen emanaldiak borobilduko du bigarren ekitaldia, domekan. Antolatzaileen berbetan, LAPSEko partaideek Hegaluzea Itsasotik Mundakara egitasmorako “bereziki moldatutako ikuskizuna” egingo dutela aurreratu dute.
EGITARAUA
Uztailak 28, barikua
- 17:30. Prentsaurrekoa.
- 18:00. AZTIko Iñigo Onaindiaren eskutik, atunen markaketa (formakuntza): Ozeanoaren sekretuak ikasten.
- 19:00. Elkarrizketa: Dorot eta Juan Badiola. Mundakako azken arrantzaleak. Bizi osoa itsasoari lotuta (Beti Andiño).
- 20:00. Uztartze-dastaketa: Itsasoa eta garagardoa: artisautza uztartzen (Boga garagardoa + Conservas Cusumano + Urdaibai Kontserbak + Arroyabe).
- 20:30. Kanta Kanta Lorue taldekoen kalejira.
Uztailak 29, zapatua
- 08:00. Kosta garbiketa, Mundakako Surf Taldearen eskutik.
- 11:30. SARETUko Naia Gonzalezen eskutik, Itsasoko sareen eraldaketa eta balorizazioa.
- 12:30. La exposición de la industria atunera vasca en aguas tropicales. De las campañas de Dakar al cerquero oceanico (1945-2015). Rafael Uriarte.
- 13:00. Katiusk-k Zabal Band taldearen kalejira.
- 13:30. Uzartze-dastaketa: Hegaluzea eta txakolina: artisautza abangoardista (Bodegas Itsasmendiko Garikoitz Rios eta Bingen Zabala eta Sukalde tradizionala).
- 15:00. Hegaluzearen arrantza eta markaketaren erakusketa eta sari banaketa. Arrantzatutako hiru hegaluze handienen zozketa.
- 17:30. Musika zuzenean.
- 19:00. Uztartze-dastaketa: Sare eta kopa artean (Alex Duque (Alakrana), Rebeca Garcia eta Elisa Piton (Vinos Singulares).
Uztailak 30, domeka
- 12:00. Ronkeoa eta uzartze-dastaketa: Zaporeen sinfonia: Ekialdeko aromak, Euskal Herriko esentziak (Jurgi Arejita (Ondori Botxo) eta Nerea Cuenco Lafuente (Vinoteca Sikera).
- 15:00. Itxiera: LAPSE Dantza eta Gorputz Adierazpen Taldearen emanaldia.