Urko eta Basque, Gernika Grand Slametik kanpo
Gernika Grand Slametik kanpo geratu dira Urko eta Basque, Goikoetxea eta Manziren aurka bi setak galdu ostean:15-11, 15-4.
Gernika Grand Slametik kanpo geratu dira Urko eta Basque, Goikoetxea eta Manziren aurka bi setak galdu ostean:15-11, 15-4. Gazteen aldeko apustua egin du aurten Gernikako Grand Slamak, eta “dena emateko” helburuagaz kantxaratu da Urko Lekerika, baina ez du hurrengo faserako txartela lortu. “Ahalik eta lan onena” egiten ahalegindu da, baina bitik bi partidu galdu ditu bikoteak, eta ezin izan dute aurrera egin.
Goikoetxea eta Manzi nagusi izan ziren barikuko partiduan, nahiz eta aurrez aurrekoaren hasieran 8-3 aurreratu ziren urdinak. Basquek errebesez gainditu zuen Manzi mutrikuarra eta Urko seguru agertu zen, pare bat hormabiko eginez. Hala ere, pilota bizitzerakoan, urdinen aukerak amaitu ziren. Goikok protagonismoa hartu zuen, eta kantxatik atera zituen urdinak, lehenengo seteko markagailuan 15 eta 11koa ezarriz. Bigarren seta lehenengoa amaitu modura hasi zuten. Hala, huts egiterik egin barik, eta nagusitasuna erakutsiz, 15 eta 4 nagusitu ziren Goiko eta Manzi.
Eguneko bigarren norgehiagokak “emozio handia” sortu zuen. Aaron eta Lopezek garaipena behar zuten txapelketan jarraitzeko, eta Erkiagaren eta Del Rioren aurkakoan, berdinketa apurtzeko setaren azken tantuan lortu zuten txapelketan jarraitzeko helburua: 15-13, 5-15, 5-4. Azken tantu horretan, Erkiagaren sakera ausart sartu zen Aaron, eta tantoa ondo amaitzen asmatu zuen.
Ordurako, baina, lanak eginak zituzten bi bikoteek. Aurretik hasi ziren lehenengo setean Erkiaga eta Del Rio, baina elkarregaz jokatzen zuten lehenengo aldia zen, eta nabaritu zen. Hala, egoera hori baliatu zuten Aaron eta Lopezek, eta 15-13ekoagaz irabazi zuten lehenengo seta. Partiduari buelta eman gura zion Erkiagak, eta lortu zuen. Erremate jaialdia eskaini zuen bigarren setean, eta ez zien aurkariei arnasa hartzen utzi. Ispastertarrak eraso jokoa eskaini zuen, eta berdinketa lortzeko 5 eta 15ekoa jarri zuten markagailuan. Ondorioz, bost tantura erabaki behar zen partida, eta set horretan ere 4ra berdindu zuten bi bikoteek. Azken tantoan, Erkiagaren sakea saskian sartu lortu zuen Aaronek, eta aurrelariaren erremate bategaz garaitu zituzten Erkiaga eta Del Rio.
Zapatua, beraz, erabakigarria izango da. B multzoan hurrengo fasera nor sailkatuko den erabaki daiteke Olharan eta Lekerikaren eta Erkiaga eta Del Rioren aurrez aurrekoan. Aipatu bi bikoteek eta Aaronek eta Lopezek osatzen dutenak aurrera jarraitzeko aukerak dituzte, baina Erkiagari eta Del Riori garaipenak bakarrik balio die. Aaron eta Lopez zapatuko partiduaren emaitzaren zain egon beharko dira. A multzoan, berriz, Urko eta Basque kanpoan geratu eta gero, lehenengo bi postuak erabakiko dira Barandika-Zabala eta Goiko-Maziren aurkakoan.