Unai Lekerika, Mutrikuko finalera
Gernika-lumotarrak, Eñaut Urreisti mutrikuarragaz batera, Mutriku Jai Alai Master Seriesko finala jokatuko du barikuan [uztailak 28]. Beste mutrikuar bi edukiko dituzte aurrez aurre: Ekaitz Mendizabal "Goixerri" eta Mikel Mantzisidor.
Atzo [uztailak 23], Malen egunez, lehiatu zituzten Mutriku Jai Alai Master Seriesko finalaurrekoak, Miruaitz pilotalekuan. Aurretiaz sarrera denak agortuta, ikusleek lepo bete zituzten harmailak zituzten, eta jai giro paregabea nagusitu zen frontoian. Mutrikuarren aldeko apustua egin ondoren, antolatzaileek osaturiko bikoteek ez zuten hutsik egin eta punta-puntako maila erakutsi zuten kantxan.
Bere erretiro urtean, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Ruben Bailo noaindarra Eñaut Urreisti mutrikuarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren aurka aritu ziren. Mailako aurkarien kontra jokatu arren, Urreisti ez zen kikildu eta partiduko protagonista izan zen. Horma bitara, errematera nahiz sakez, ausart jokatu zuen aurrelari gazteak, tarteka-marteka Goiko beteranoa menpean hartuz. Bere atzelari Lekerika, berriro ere maila fisiko apartekoan, inongo pitzadura barik aritu zen defentsan, eta bere egin zituen atzealdeko koadroak. Fidagarritasun eta indar handiz, Urreisti-Lekerika bikoteak 12-15 eta 10-15 irabazi zituen bi setak, finalera sailkatuz.
Aaron Gonzalez de Matauko arabarrak eta Jon ‘Bullet’ Zabala markina-xemeindarrak ezin izan zituzten Goixerri eta Manzi garaitu
Beste finalaurrekoan, Aaron Gonzalez de Matauko arabarrak eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrak Ekaitz Mendizabal Goixerri-ren eta Mikel Mantzisidorren kontra jokatu zuten. Berdintasuna izan zen protagonista nagusia lehen pilotakadetatik: bikote bietako batek ere ez zuen lortu markagailuan arrakala esanguratsurik zabaltzerik. Lehia gogorraren ondoren, 12-15 eta 12-15 nagusitu ziren Goixerri eta Manzi.
Berdintasuna da antolatzaileek barikuko [uztailak 28] finalaren atarian aurreikusten duten ezaugarri nagusia: “Ez dago hautagai garbirik; seguru asko, akats gutxien egingo duenak irabaziko du. Urreistik eta Lekerikak, finalerdiko maila berretsiz gero, edonori aurre egiteko moduko bikotea osatzen dute. Nolanahi ere, Goixerrik eta Manzik umetatik daramate elkarrekin jokatzen; beraz, zerbait egin badezakete, elkar ulertzea eta taldelanean aritzea da”.
Munduko txapeldun Eneritz Lizardi eta Maite Ortiz de Mendibil ere omendu zituzten
Goiko eta harrobia, omenduta. Goikoetxeak Danok Bat taldekoen omenaldia jaso zuen Miruaitzen. “Hunkituta” jaso zuela adierazi dute, “betidanik ezagutzen duen kantxa” izanik. Gainera, herriartekoa irabazitako mutrikuar pilotariak ere omendu zituzten. Eurekin batera, baita Munduko txapeldunak ere: Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra.