Idurre Bideguren: "Euskal Herriak politika progresistak eskatu ditu, eta gure esku dagoena egingo dugu eskuina gelditzeko"
Hego Euskal Herriako botoak zenbatuta, berriz, sei diputatu eta bost senatari izango ditu EH Bilduk datorren legealdian. Idurre Bidegurenek nabarmendu du euskal gizarteak indar subiranista "saritu eta indartu" duela, eta leku askotan alternatiba abertzale "argia" dela EH Bildu.
Atzoko Espainiako Gorteetarako hauteskundeek argazki aldaketa eragin dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdirik bozkatuena da PSE-EE, botoen %25,28 eskuratuta. EAJ eta EH Bilduren artean, aldiz, tarte oso txikia egon da, EAJk botoen % 24,02 lortu baititu eta EH Bilduk % 23,95. Kongresurako diputatu kopuruari erreparatuta, hiru alderdiek bosna diputatu eskuratu dituzte Bizkai, Araba eta Gipuzkoan; 2019an baino ordezkari bat gehiago lortu dute PSE-EEk eta EH Bilduk –Gipuzkoan lortu du alderdi sozialistak eta Bizkaian koalizio abertzaleak–, eta ordezkari bat galdu du EAJk Bizkaian. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan PPk bi ordezkari lortu ditu, eta Sumarrek bakarra.
Hego Euskal Herriako botoak zenbatuta, berriz, sei diputatu eta bost senatari izango ditu EH Bilduk datorren legealdian. Hego Euskal Herriko bigarren indarra da diputatu eta boto kopuruan, duela lau urteko emaitzak 50.000 bototan hobetuta. Hala, indar subiranistak jauzi bat emango du senatuan ere; izan ere, Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatariaz gain, beste lau izango ditu datorren legealdian. Ondorioz, bi senatari izatetik bost edukitzera igaroko da koalizio abertzalea, horietako hiru Gipuzkoan lortutakoak, bat Arabakoa eta bestea legebiltzarrak aukeratutakoa.
Aurreko agintaldian senatari izan den Idurre Bideguren EH Bilduko kidea berriro ere senatuan izango da, eta haren berbetan, bost senatari lortzea “oso garrantzitsua” da. “Bi senataritik bostera igarotzeko aldea nabarmena da. Talde izaera nabarituko da, eta gai eta arlo gehiago lantzera ailegatuko gara. Azken lau urteetan talde parlamentarioa izateak ikusgarritasun gehiago eskaini digu, eta erabakigarriak izan gara gai askotan. Horri esker gure proposamenak zeintzuk diren ikusi du jendeak. Gure politikak indartzeko eta gure lehentasunak ezagutarazteko balio izan digu. Eta gure lehentasunak defendatzen jarraituko dugu”, azpimarratu du Bidegurenek.
Idurre Bideguren (EH Bildu): “Talde indartsuagoa izango dugu Madrilen. Horrek esan nahi du bide onetik gabiltzala, herritarrek gero eta konfiantza gehiago dutela gugan, eta gero eta babes gehiago daukagula. Aurkeztu ditugun proiektuak egingarriak izan dira, eta erakutsi dugu bermea eskaintzen dugula”
Hauteskunde orokorretako emaitzak, beraz, “oso onak” izan dira, eta “pozik” daude koalizio abertzalean. “Talde indartsuagoa izango dugu Madrilen. Horrek esan nahi du bide onetik gabiltzala, herritarrek gero eta konfiantza gehiago dutela gugan, eta gero eta babes gehiago daukagula. Aurkeztu ditugun proiektuak egingarriak izan dira, eta erakutsi dugu bermea eskaintzen dugula”, adierazi du gaur EH Bilduko ordezkariak.
Gaur, hauteskundeen emaitzen analisia egiteko batu da EH Bilduren Mahai Politikoa, eta Bidegurenek nabarmendu du Euskal Herriak “politika progresistak” eskatu dituela. “Alderdi sozialistak gorakada handia izan du, eskuinaren beldurragatik, baina guk ere gorakada izan dugu, eta uste dugu eskuinarren kontrako borrokan argiak izan garelako izan dela. Gure esku dagoena egingo dugu eskuina gelditzeko. Herritarrek argi esan digute ez dituztela Espainiako eskuinak dituen errezetak eta diskurtsoak nahi, ez dutela alderdi popularrak eta VOXek eskaintzen duten alternatiba hori nahi. Hori ahal den moduan gelditu beharra daukagu, horretarako konpromisoa hartu baitugu”.
Bidegurenek esan du alderdi popularrak eskuin muturraren “idea asko” hartu dituela: “Eskuin muturra jaitsi egin da, baina PP igo. Batak eta besteak eskaintzen dutena oso hurbil daude. Emakumeen, LGTBI kolektiboaren edo etorkinen kontrako ideak ez ditugu onartuko, ez eta kulturaren aurkako zentsura ere. Gure herrian atzerakada eragingo luketen gaiak dira, eta horiek ezin dira babestu. Atzerakada hori saihestu egin behar dugu, eta gure eskuetan dagoena egingo dugu eskuina Espainiako Gobernuan ez egoteko”.
Bideguren: “Herritarrek argi esan digute ez dituztela Espainiako eskuinak dituen errezetak eta diskurtsoak nahi, ez dutela alderdi popularrak eta VOXek eskaintzen duten alternatiba hori nahi”
“Alternatiba abertzalea”
Bidagurenek azpimarratu legez, Euskal Herriko leku askotan alternatiba abertzale “argia” da EH Bildu: “Gipuzkoan lehenengo indarra gara, Araban eta Nafarroan alderdi abertzaleen artean lehenengoak gara, eta Bizkaian ere ikusi dugu EAJrekiko tarteak asko murriztu direla. Bizkaian ere aldaketa datorrela argi ikusten da. Bizkaian lortu da diputatu bat gehiago. Nahiz eta lurraldean EAJrekiko aldea egon, tarte hori asko murriztu da”.
Bizkaiko hainbat udalerritan, gainera, duela lau urteko emaitzei “buelta” eman dietela azaldu du, tartean Mendatan, Muxikan, Ibarrangelun eta Elantxoben. “Euskal Herrian gertatu dena gertatu da Busturialdean ere. Gorakada izan du koalizio abertzaleak, eta beherakada, berriz, alderdi jeltzaleak. Tantaka tantaka gorantz goazen indarra gara”, dio Bidegurenek.
Orain arte EH Bilduk udal hauteskundeetan emaitza “onak” atera izan dituela onartu du Bidegurenek, baina, uste du ez zutela lortzen boto horiek Madrilera eroaterik. “Orain ikusi da egin dugun lanagatik eta erakutsi dugun bermeagatik Madrilen ere herritarren ahotsa EH Bildu izatea gura dutela. Esaten duguna praktikan jartzen dugu, eta uste dugu hori herritarrek eskertu egin dutela, eta abertzaleen artean alternatiba modura ikusten gaituztela”. Hori horrela, herritarren “beharrizanei” erantzuten jarraituko dutela dio: “Badaude beste era batzuk ditugun erronka eta arazoei aurre egiteko”.