Madalen egunak Bermeo eta Elantxobe "hainbat koloretako" festa soinekoz jantzi ditu
Urteko egunik berezienetakoa ospatzen ari dira Busturialdeko kostaldeko hainbat udalerri. Goizetik gauera arteko ospakizuna nabarmentzen ari da Bermeon zein Elantxoben. Mendatako Albiz auzoan ere jai giroan murgilduta daude.
Madalen Eguna ospatzen ari dira gaur [uztailak 22] Busturialdeko hainbat udalerritan. Bermeotarrek, urteroko usadioari jarraituz, herriaren ipar-ekialdeko mugak berretsi dituzte, eta Izaro irlaren jabetza lau haizetara aldarrikatu dute. Elezaharrak dio Bermeok Izaroren jabetza estropada batean nagusituz eskuratu zutela; mundakarren aurka lehiatu zuten estropada hura, herri biek orduan zituzten gatazkak argitu aldera. Lehiaren testigantza jasotzeko, epaile neutral bat edukitzea, baina, beharrezko zuten; egiteko hori elantxobetarrek hartu zuten.
Oraintsu Bermeoko alkate izendatutako Nadia Nemeh Shomalyk jaurti du, eguerdian eta Izaro uharte parean, teila. āHonaino heltzen dira Bermeoko itoginakā esanez, teila altxatu eta itsas hondora bidali du alkateak. Urteroko jai giroa, baina, ez dute itsasoan abiatu, askoz goizago baino. Bermeoko kaleek festaren hasiera hartu dute. Hain zuzen ere, 10:45ean eman diote hasiera Madalen Egunari. Goiko Plazan elkartuta, Bermeoko udalbatzako kideek alkate soinua entzun dute eta, jarraian, segizioak Santa Eufemia plazarako bidea hartu du. Tarte hori, gainera, musikaz eta kalejira aldartez girotu dute Kankinkabara txistulari taldeko partaideek.
Nadia Nemeh Shomaly: “Bermeotarrok badakigu zati txikiak erabilita gauza handiak egiten”
Etxean sortutakoa, etxean berriro. 11:00etan, meza egin dute Santa Eufemia elizan, eta Nemehk aurten uretara jaurti duen teila izan du ahotan. “Bermeotarrok badakigu zati txikiak erabilita gauza handiak egiten”, esaldiaz hasi du bere parte hartzea. Hain zuzen ere, aurtengo teila Izaroko Frantziskotar fraileen komentu zaharreko teila zatiak elkartuta egin dute elkarlanean udaleko herri lanetako beharginek eta udaleko langile izandako Hilario Aurtenetxe Mentxakak. Izaron sortutakoa, horrenbestez, Izarora, sorlekura, bueltatu da.
Madalenetako teilak, gorria izan arren, hainbat koloreren “Ʊabardurak” biltzen dituela azaldu du alkateak: “Azalaren kolore denak, ekologismoaren berdea, feminismoaren morea, sexu aniztasunaren koloreak, euskaldun izaeraren kolore distiratsu guztiak eta itsasoaren zein itsas langileen mahoi kolorea”. Horrez gain, “onartzen ez dituzten koloreak” ere nabarmendu ditu Nemehk: “Intolerantziarenak eta edozein motatako biolentzienak. Horiek denak Madalen egunak eta geure herriak adierazten dituzten baloreetatik kanpo daude”.
Santa Eufemia elizako ataritik, berriro ekin diote kalejirari, portura bertaratzeko; artean, hainbat aldarrikapen nabarmendu dira. Batetik, Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak Biosfera Erreserbako museo proiektuaren aurkako aldarria egin du; bestetik, espetxeratuta dagoen Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren aldeko hainbat eta hainbat elkartasun mezu ikusi ahal izan dira han-hemenka.
Izaron, herriko bandera eta ikurrina jaso dituzte, teila itsas hondora jaurti dute, eta irlaren jabegoa berresten duen akta sinatu dute”
12:00etan itsasoratu da segizioa Bermeoko portuan. Lehenago portutik ateratako dozenaka ontzigaz bat eginda, Izarorako bideari ekin dio udal ordezkariz eta hainbat gonbidatuz osatutako segizioak. Besteren artean, Mertxe Aizpurua, Iker Casanova, Idurre Bideguren, Josu Erkoreka, Elixabete Etxanobe, Mikel Bilbao, Jon IƱarritu, Andoni Ortuzar edota Jane Eyre Urkieta aritu dira udal ordezkaritzagaz batera. Ordu erdiko itsas bidaiaren ostean ailegatu dira irlara, eta Madalen eguneko protokoloari ekin diote: lehenik eta behin, batel batek lur hartu du, eta bermeotarrek herriko bandera nahiz ikurrina jaso dituzte, uharteko tontorrean; ondoren, irrintziz zein aldarriz lagunduta, teila botatzeko prestatu dira udal ordezkariak. Nemehk, esan bezala, urteroko esaldia ozen bota du, teila bota orduko. Txalo zaparradaren ostean, zinegotzi eta beste ordezkari batzuek Izaroren jabegoa berresten duen akta sinatu dute, eta itsas prozesioak Elantxoberako bideari ekin dio.
Elantxobeko portura iritsiera. 13:15 inguruan porturatu dira Elantxoben, eta herriko alkateak, Patxi Egurrolak, hartu ditu udal segizioko kide denak. Egurrolak “ongi etorri beroa” egin dio Nemehri. Horregaz batera, eguneko beste une goren bat iritsi da: Elantxobeko alkateak Bermeokoari herriko alkate makila eman dio. Ostean, kalejiran eta musikaz girotuta, kalez kale Elantxobeko plazara abiatu da udal ordezkarien multzoa, herria jai giroan murgilduta egon den artean.
Herriko frontoira iristerakoan, urtero legez, ohorezko aurreskua dantzatu, eta herritarrekin biribilketan bat egin dute udal ordezkariek, beste edozeren aurretik Madalen Eguna jai eta ospakizun eguna dela argi erakusteko gogotsu. Izan ere, goizean goiztik jendetza batu da Elantxobeko portuan, eta musika eta jai giroa ez dira falta Madalen jaiak ospatzera hurbildu direnen partetik.
Elantxobetik, Mundakara joko du itsas prozesioak; bertan, Sorne Rubio alkateak ondo etorria eta makila emango dizkio Nemehri
Elantxoben bazkaldu ostean, Bermeotik bertaratutako udalbatzak arratsaldean egingo du herrirako itzulera. Lehenago, baina, Mundakan egingo dute geldialdia; bertan, Sorne Rubio alkateak segizioko kideei ondo etorria egingo die eta, Egurrolak egin legez, aginte makila emango dio Nemehri. Bigarrenez dantzatuko dute ohorezko aurreskua eta, ondoren, bertaratzen direnentzako mokadua egongo da. 20:00etan, Madalen eguna borobiltzeko, itsas zeharkaldia hasi den tokira, Bermeoko portura, bueltatuko da segizioa. Behin Bermeora helduta, herriko bandera jasoko dute, eta dantzaldian bilduko dira bermeotarrak.