Euskaldunen kimua, Uruguain
‘Gernika Uruguain, fruitua zabaltzen’ liburua aurkeztu dute. Lanak dio euskaldunen ondorengoek jarraitzen dutela "askatasunaren fruitua zabaltzen".
Euskal Herriaren askatasunen sinboloa da Gernikako Arbola. Duela hainbat urte, bere itzalpean bildu ohi ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak eta hara bertaratu ohi ziren herri guztietako ordezkariak. Euskal askatasunen eta euskaldunen unibertsaltasunaren sinbolo hori mundu osoko hainbat tokitara hedatu da hainbat urtez, tartean Venezuelara, Kolonbiara, Argentinara, Mexikora, New Yorkera edota Uruguaira.
Hain zuzen ere, 1778an Montevideora (Uruguai) Gernikako Arbolaren lehen kimuak eroan eta zaindu zituzten pertsonen bizitza bildu dute Alberto Irigoien eta Servando Etxebarria ikerlariek Gernika Uruguain, fruitua zabaltzen liburuan. Euskal Herria Museoagaz elkarlanean aritu dira liburua editatzen. Leire Irazabal museoko zuzendariak adierazi du liburua “perfektua” iruditu zitzaiela museoko ordezkariei, zeukan edukiagatik, aurkezten zuen sinbologiagatik eta museoak duen eta liburuan islatzen den guztiagatik.
“1837an Joseph Agustin Chahok Gernikako Arbola euskaldun guztien ondaretzat hartu zuen unetik, hainbat emigrantek eta erbesteratuk eurekin eroan zuten hainbat lurraldetara, atzean uzten zuten aberriaren oroitzapen bizidun modura”, gogoratzen dute liburuan ikerlariek. Hala, kimuekin, ozeanoak eta kontinenteak zeharkatu zituen hainbatek, eta, gaur egun, 53 kimu baino gehiago daude urrutiko hainbat hiritan: La Platan, Chascomusen, Bartzelonan, Nairobin, Liman, Bogotan, San Pablon, Mar del Platan, Buenos Airesen, Auschwitzen, Sydneyn, Londresen, Boisen, Renon, Washingtonen eta Montevideon. “Bertan gurtzen dituzte, gaur egun, Euskal Herriko zortzigarren probintzia eratzen duten diasporako seme-alabek”, diote museoko ordezkariek.
Hain zuzen ere, liburuan jasotzen da Uruguaira Gernikako haritzaren kimua eroan zuten horien helburua eta asmoa. Hainbatek euskal etxeen buru izateko kimu bat lortu gura zuten, baina batzuetan ez zuten lortzen, eta, kasu horietarako, espezie bereko haritzak aukeratzen zituzten benetako kimua irudikatzeko.
Irigoienek dio Euskal Herritik Uruguaira 1839az geroztik inmigratu zuten horien nahia zela Gernikako Arbolaren kimua Uruguaira eroatea. Hala ere, nahi hori islatzen duen “une zehatz bat markatzea” zaila dela gehitu du. “Karlistaldia amaitu zenean, foruak kendu zituzten, eta erbesteratutako karlista askok Mexikoranzko bidaiari ekin zioten. Horrek Uruguaiko migrazio politikarekin bat egin zuen, etorkin berrien etorrera bultzatzen baitzuen gobernuak orduan, herrialdeko lurra lantzeko Uruguaiko biztanleria nahikoa ez zela ikusita. Alemaniarrei erreparatu zieten lehenengo, baina konturatu ziren ez zirela katolikoak, eta begiak Euskal Herrian kokatu zituzten, baina konturatu ziren Espainiak ez zeukala harremanik Uruguairekin. Iparraldera begira jarri ziren orduan. 1835ean iritsi zen Uruguaira immigranteak zituen lehen itsasontzia. Baina iparraldetik atera zen itsasontzi horretako erbesteratu asko karlistak ziren. Horiek eroan zuten haritzaren kimuak Gernikatik Uruguaira eramateko ideia. Hala ere, 1835etik urte gutxira, 1839an, gerra zibila hasi zen Uruguain, Gerra Handia izenekoa”, azaldu du ikerlariak.
Lehen erreferentziak
Arbolaren kimua Uruguaira eroateko nahiaz gain, hango prentsa idatzian Gernikari buruzko lehen erreferentzia noizkoa den ere jaso dute liburuan. “Gernikari buruzko prentsa idatzian aurkitzen dugun lehen datua euskaldun batzuek beste batzuei egin zien mehatxu edo ohartarazpena da. Urugaiko gerran Montevideo defendatzen zuten euskaldunek desertatu zutenak mehatxatu zituzten. Izan ere, idazki bat argitaratu zuten, haiek ez zirela jaten eman zion aberriaren kontrakoak, eta Gernikako seme-alaba onak ziren horretan, euren berbari eutsiko ziotela, eta euskaldunak aurrean izan arren, denen aurka borrokatuko zutela”.
Iparragirrek Argentina bisitatu zuenekoa da Gernikako Arbolari buruzko lehen erreferentzia. Izan ere, txalupa batean lehorretaratu zen La Platan (Argentina), eta kaian zeuden euskaldun batzuek harrera egin zioten, Gernikako Arbola kantatuz. Liburuan beste une bat ere nabarmentzen da, Jose Maria Iparragirrek bere kafea Gernikako Arbola izendatu eta bere eliztarrei euskarazko abestiak irakatsi zizkienekoa. “Iparragirreri gaizki doakio Argentinan, eta Uruguaira joan zen. Bertan, taberna bat sortu zuen, baita jatetxe bat ere, baina negozio horiek ez zitzaizkion ondo atera. Haren emazteak esan zuenez, tabernan ez zegoela hormarik Gernikako haritza margotu barik”, zehaztu dute liburuaren idazleek.
Urte batzuk beranduago, 1876an sortu zen Laurak bat izeneko lehen euskal etxea Uruguain. Ikerlariek diotenez, jakina da jai bakoitzean hango haritz bat aukeratzen zutela Gernikako Arbolaren sinbolo gisa, eta Iparragirreren kantua abestuz hasten zutela festa. “1884an frontoi bat eraiki zuten. Inaugurazio ekitaldian eskerrak eman zizkioten Berra abokatuari, legezko partea konpontzeko egin zituen kudeaketengatik, eta bere lanari prezioa jartzeko eskatu zioten. Jarri zuen, baina baldintza batekin: diru hori Gernikako Arbolaren kimu bat Uruguaira eroateko erabiltzea. Hala, 1884koa da zuhaitz bat Gernikatik Uruguaira eramateko dokumentatutako lehen erreferentzia. Zoritxarrez ezin izan zen izan eroan, krisian sartu zirelako eta euskal etxeak ezin izan ziolako horri aurre egin”, azpimarratu du Irigoienek.
Erreferentzia historikoak etengabekoak dira liburuan. Esaterako, 19212an sortu zela Uruguaiko XX.mendeko lehen euskal erakundea ageri da. “Centro Vasco Español izendatu zuten, baina zentro horrek ez zituen iparraldeko biztanleak onartzen, eta horri erantzunez, Euskal Herria izeneko Euskal Etxea sortu zuten”, argitu dute. Bi erakunde horiek Gernikako Arbolaren kimuak lortu zituzten, eta ikerlariek adierazi dute lau horietatik jaio direla Uruguain dauden Gernikako Arbolaren kimu gehienak.
Gernikako bonbardaketaren ostean udalerria suntsituta geratu ondoren, Gernika eta haritza “nahigabearen” sinbolo bihurtu zirela diote ikerlariek, baita itxaropenaren sinbolo ere. “Nabarmentzekoa da euskal uruguaitarrak erregimen frankistaren gezurrak ezagutarazten eta horien kontra borrokatzen ahalegindu zirela, horretako kimuak landatuz eta plazak, parkeak eta kaleak sortuz, haritzaren omenez”, adierazi zuen Etxebarriak.
Argitu dutenez, liburuak Florencio Amador Carrandi Gernikako Batzarretxeko artxibozainaren nahia ere betetzen du; izan ere, 1927an, euskal erakundeek Euskal Herritik kanpo landatutako foru haritzaren kimuen argazki erregistroa jaso nahi zuen. Bere asmoa irudi horiek bere museoan erakustea zen.
Kimuei buruzko historia zabaltzeaz gain, liburuan jaso dute hiriburuan bizi ziren bizkaitarrak euren burua Gernikaren semetzat hartzen zutela, eta euren nortasunaz “harrotuta”, “leialtasun hautsezina” zin egiten zutela. Haritzaren kimuei buruzko istorio asko kontatu dituzte, baita euskal etxe batekoak ez ziren baina euren etxean arbasoen sinbolo bat eduki nahi zuten jende guzti horren ahalegina ere: “Bere etxean kimu bat landatzen duen jendeari egindako elkarrizketak biltzen dira liburu honetan. Uruguaiko jendeak garrantzi handia eman dio bere etxean haritz bat landatzeari. Garrantzirik gabeko keinua dirudi, baina esanahi asko ditu”.